Itxi

Athletic Club

0-0

Athleticek berdindu egin du Getaferen aurka eta zazpi partida jarraian daramatza irabazi gabe

A. B. E. | EITB Media

Talde zuri-gorriak golik gabe berdindu du (0-0) Alfonso Perez Coliseum estadioan jokatu duen Santander Ligako 16. jardunaldiko norgehiagoka.

0
Getafe vs Athletic: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Athleticek berdindu egin du Getaferen aurka (0-0) astelehen honetan Alfonso Perez Coliseum estadioan jokatu duen Santander Ligako 16. jardunaldiko partida, eta zazpi norgehiagoka jarraian daramatza irabazi gabe. Denboraldiko bederatzigarren berdinketa pilatu du Marcelino Garcia Toralek zuzentzen duen taldeak. Zuri-gorriak sailkapeneko 9. postuan daude, 21 punturekin.

Hasierako minutuetan bi taldeetako bat ere ez da gai izan baloiaren jabetza bereganatzeko, baina Athleticek izan ditu lehen abaguneak; Iñigo Martinezek 16. minutuan egin duen errematea kanpora joan da gutxigatik, eta Ondarroako jokalariak 20. minutuan egindako falta jaurtiketa Soria atezainak gelditu du. Getaferen erantzuna 26. minutuan iritsi da, baina Cuencaren errematea kanpora joan da. Lehen zatiko azken txanpan, nagusi izan da Athletic, baloia Getaferen zelaian lapurtuta eta aurkariaren ate ingurura arriskua eramanda. Dani Garciak eta Vencedorrek area kanpotik saiatu dira, eta atsedenaldira iritsi aurretik Iñaki Williamsek ez du ondo bukatu talde zuri-gorriaren kontraerasoa, jaurtiketa indarrik gabe Soria atezainaren eskuetara bidalita.

Getafek abagunea izan du bigarren zatiko lehen minutuan, baina Unai Simon atezainak gola eragotzi du, Aleñaren jaurtiketa desbideratuta. Athletic saiatu da aurrera egiten, baina kostatu egin zaio aurkariaren ate inguruan arriskua sortzea. Madrilgo taldeak kontraeraso ona antolatu du 60. minutuan, eta Sandroren jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da. Sandrok berak beste abagune argi bat izan du 76. minutuan; pase luzea jaso du aurrelariak, bakarrik geratu da Unai Simonen aurrean, eta Athleticeko atezainak Getaferen gola saihestu du, jaurtiketa geldituta. Unai Simonek beste gol bat eragotzi du 85. minutuan, Oliveirak atepean egin duen errematea desbideratuta.

Norgehiagokaren luzapenean, talde bakoitzak abagune bat izan du: Getafek falta baten bidez izan du gola sartzeko aukera, baina Oliveira ez da errematea egitera iritsi, eta azken jokaldian Berenguerrek alferrik galdu du abagunea, area barruan kontrol txarra eginda. Neukerta amaitu ondoren, epaileak txartel gorria atera dio Quique Sanchez Flores Getafeko entrenatzaileari.

Fitxa teknikoa:

0.- Getafe: Soria; Damián, Djené, Mitrovic, Cuenca, Olivera; Aleña, Maksimovic, Arambarri, Sandro (Jankto, 87. min) eta Enes Ünal (Jaime Mata, 73. min).

0.- Athletic Club: Unai Simon; De Marcos (Petxarroman, 83. min), Yeray, Iñigo Martinez, Lekue; Zarraga (Berenguer, 83. min), Dani Garcia (Vesga, 88. min), Vencedor, Nico Williams (Morcillo, 88. min); Raul Garcia (Sancet, 74. min) eta Iñaki Williams.

Epailea: Figueroa Vázquez. Txartel horia atera die Djene (15. min) Getafeko jokalariari eta Morcillo (94. min) Athleticeko futbolariari. Partida amaitutakoan, txartel gorria atera dio Quique Sanchez Flores Getafeko entrenatzaileari.