Itxi

Athletic Club

SANTANDER LIGA

Golik gabeko berdinketa baino ezin izan du lortu Athleticek Levanteren etxean (0-0)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Zuri-gorriak erabat kamuts ibili dira erasoari begira; gainera, bigarren zatian zelairatu den Asier Villalibre Gernikako aurrelariak min hartu berriro ere, eta zelaia utzi behar izan du.

0
Levante vs Athletic: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Athleticek eta Levantek Santander Ligako hamalaugarren jardunaldiari hasiera eman diote ostiral honetan, Ciutat de València futbol-zelaian, golik gabeko berdinketarekin (0-0). Emaitza horrek Europako trenetik aldendu ditu zertxobait bilbotarrak; aldi berean, Javier Pereiraren zuzentzne duen etxeko taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu gabe jarraitzen du.

Granotek zein zuri-gorriek anbizio urria azaldu dute neurketan zehar, eta, ondorioz, aukera gutxiko eta jarraikortasunik gabeko norgehiagoka eskaini dute, partidako hastapeneko minutuetan Iñigo Martinezen eta De Frutosen burukada arriskutsuek bestelakorik gertatuko zela eman arren.

Ondoren, lehen ordu laurdena bete baino lehen, Bardhik penaltia eskatu du, baina Munuera Montero epaileak zein VARak ez dute halakorik adierazteko moduko jokaldirik ikusi. Jarraian, zigorrik gabe utzi dute baita ere Levanteren arean Campañak Yerayri emandako ustezko ukondokada.

Euria gogor ari zuela, Malsaren eta Asier Villalibreren lesioak etorri dira. Ondoren, Unai Simonek gelditu bikaina egin dio De Frutosek zuri-gorrien area barrutik egindako jaurtiketari. Athleticen erantzuna Nico Williamsen banakako jokaldi bikain baten bidez iritsi da, baina Cardenas atezainak gelditu ona egin du.

Partidaren azken txanpan, bi taldeen eraginkortasun ezari euri jasa handia gehitu zaio, eta horrek futbol-zelaia jokatzeko moduan ez zela utzi du.

Horrenbestez, Marcelino Garcia Toralen mutilak zazpigarren (19) geratu dira, Europako postuetatik puntu batera; Levantekoak, berriz azken-aurrekoak dira (7), salbaziotik lau puntura.

Fitxa teknikoa:

0 - Levante: Cárdenas, Son (Miramón, 86. min), Vezo, Mustafi (Duarte, 73. min), Clerc, Malsa (Vukcevic, 59. min), Campaña, Bardhi (Dani Gómez, 73. min), De Frutos, Morales eta Roger (Soldado, 86. min).

0 - Athletic Club: Unai Simón, Lekue, Yeray, Iñigo Martínez, Balenziaga, Berenguer (Zarraga, 54. min), Dani García, Vencedor, Muniain (Nico Williams, 66. min), Raúl García (Sancet, 54. min) eta Iñaki Williams (Villalibre, 66. min)(Nico Serrano, 86. min).

Epailea: Munuera Montero. Txartel horiak: Roger Martí eta Vezo (Levante); Yeray (Athletic).