Itxi

Athletic Club

2-3, Old Trafforden

Prentsak Athleticen jokoa goraipatu du

Erredakzioa

Bielsaren taldeak Ametsen Antzokian eskainitako erakustaldia kirol egunkarien lehen orrialdeetan islatuta gelditu da. Ingalaterrako prentsak 'lehoiek deabru gorriak irentsi' zituztela esan du.

01:58
Zaleek harrera beroa egin diete aireportuan Athleticeko jokalariei

Athleticek Old Trafforden lortutako garaipena eta balentria islatu dute egunkari nagusiek lehen orrialdeetan. Marcelo Bielsaren mutilek erakustaldia eman zuten Ametsen Antzokian Europako talde indartsuenetariko bat gaindituta. Partida ikusgarria eta emozioz betetakoa izan zen eta hedabideek argi utzi nahi izan dute zuri-gorriek lortutako balentria.

Kirol egunkari nagusien artean, Marcak, "Un Athletic de ensueño" eta "Eurociclón" titulatu egin du. AS egunkariak, "Un soberbio Athletic toma Old Trafford" azpimarratu du. El Mundo Deportivo kirol egunkariak, "Histórico Athletic" titulatu egin du eta Sport egunkariak, "Recital del Athletic en Old Trafford".

Euskal prentsan ere, ondo islatuta gelditu da Bilboko taldeak lortutako garaipena. Berriak, "Partida itzela jokatuta 2-3 irabazi du Athleticek Old Trafforden" titulatu du albistea. El Correok "Dueños de Old Trafford" tituluarekin zabaldu du lehen orrialdea eta Deiak, "El Athletic levita en Old Trafford" azpimarratu du. Gara egunkariak "El Athletic encarrila la eliminatoria tras una merecida victoria en Old Trafford" titulatu du eta El Paisek, "El Athletic conquista Old Trafford (2-3)". El Mundo egunkariak, "Old Trafford, rendido a un Athletic de ensueño" titulatu du kiroletako orrialdeetan.

Ingalaterrako prentsak ere Athleticen "futbol erakustaldia" goraipatu du. "Marcelo Bielsaren taldea historiaz eta energiaz beteta heldu eta nagusi izan zen. Baloiaren jabetza izan zuen eta United joko erakustaldiarekin mendean hartu zuen" azpimarratu du "The Independent" egunkariak.

"Lehoiek deabru gorriak irentsi zituzten" titulatu du "The Sun" egunkariak. Manchester Unitedek "amesgaiztoa" bizi izan zuela azpimarratu du eta David De Gea atezainaren "gau ikusgarria" nabarmendu du.