Itxi

Athletic Club

Old Trafford estadioan

Ertzaintzako hainbat agente Manchesterrera joango dira

Erredakzioa

Ertzaintzako agente talde bat Manchesterrera joango da euskal zaleekin batera, Athleticek ostegunean jokatuko duen partidaren inguruko segurtasun neurriak Britainia Handiko Poliziarekin koordinatzeko.

  • Athleticeko zaleak. Argazkia: EFE

    Athleticeko zaleak. Argazkia: EFE

Ertzaintzako agente talde bat Manchesterrera joango da euskal zaleekin batera, Athleticek hurrengo ostegunean jokatuko duen partidaren inguruko segurtasun neurriak Britainia Handiko Poliziarekin koordinatzeko. Aurreikuspenen arabera, bost mila bat zale bertaratuko dira Euskaditik partida ikusteko asmoz; hori dela eta, Ertzaintza duela zenbait egun hasi zen koordinazio lanetan bi klubekin eta Manchesterreko Poliziarekin, dena segurtasun maila handienaz joan dadin.

Europa Leagueko final zortzirenetako kanporaketak Manchester United eta Athletic taldeak elkarren aurka jarriko zituela jakin zenetik, Ertzaintza britainiar polizia taldearekin harremanetan jarri zen, bi partidetako segurtasun neurriak koordinatzeko. Lehenengo norgehiagoka Old Trafforden jokatuko da, datorren ostegunean, eta itzulerakoa hilaren 15ean, San Mamesen.

Athleticen partidetako segurtasuna koordinatu ohi duen ataleko hainbat ertzainek izango dute Britainia Handiko hirira Bilboko taldearekin batera joateko ardura, Manchesterreko Poliziari bertatik bertara laguntzeko eta segurtasun lanetan lankidetza eskaintzeko.

Zaleentzako gomendioak

Zaleak heldu aurretik ere, Polizia ingelesak euskal zaleentzako gomendio batzuk bidali dizkio Ertzaintzari. Britainiar adituek esan dutenez, Manchesterreko toki gehienak seguruak badira ere, estadioaren inguruko tabernetan bertako zaleak egoten dira; hori dela eta, erdialdeko ostalaritza establezimenduetara jotzea gomendatu diete Athelticekoei. Halaber, bertako legediak bide publikoan alkohola edatea argi eta garbi debekatzen duela gogorarazi dute. Han, Poliziak oso zorrotz jokatzen du hori zaintzen, gainera.

Bestalde, Manchester Unitedeko zuzendaritza taldeak aparkaleku bat (E2 parkinga) jarriko du euskal zaleen eskura, estadioaren ondoan, eta, beharrizanak ikusita, baliteke beste zonalde osagarri batzuk ere atontzea. Autorik erabiliko ez duten zaleentzat, hainbat autobus linea ateratzen dira Piccadilly Gardens geltoki nagusitik, metroarekin lotura onak dituztenak. Metroa, gainera, fidagarria da maiztasun aldetik, eta sei minutuan behin pasatzen da bat. Estadiotik gertuen dagoen geltokia haren izena (Old Trafford) daukana da; bost minutu behar dira oinez bertatik zelaira heltzeko.

Azkenik, ez dago erabat baieztatuta Athleticeko zaleek zein ate erabiliko dituzten estadiora sartzeko, baina litekeena da E30 eta E32 izatea. Partidaren egunean, dena dela, guztia behar bezala adierazita egongo dela esan du Britainia Handiko Poliziak.