Itxi

Athletic Club

Europa League

Athleticek kanporaketa hamar jokalarirekin irauli egin du!

Erredakzioa

Manchester United taldearen aurka jokatuko dute Bielsaren mutilek final-zortzirenetan. Amorebietak 57. minutuan bigarren txartel horia ikusi egin du, baina Iker Muniainek 1-0ekoa lortu du.

  • Athletic-Lokomotiv. Argazkia: EFE

    Athletic-Lokomotiv. Argazkia: EFE

- Fitxa teknikoa:

1 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, Amorebieta, De Marcos; Susaeta (San Jose, 46. minutuan), Iturraspe (Iñigo Perez, 46. minutuan), Herrera (Ekiza, 67. minutuan), Muniain; Toquero eta Llorente.

0 - Lokomotiv: Guilherme; Shishkin, Belyaev (Da Costa, 79. minutuan), Burlak, Yanbaev; Tarasov; Ozdoev (Sychev, 66. minutuan), Zapater, Glushakov, Torbinski (Obinna, 66. minutuan); eta Caicedo.

Gola: 1-0, 61. minutuan: Muniain.

Athleticek Moskuko 2-1ekoa irauli egin du Lokomotiven aurka eta Bilboko taldeak Europa Ligako final-zortzirenak jokatuko ditu. Bielsaren mutilak hamar jokalarirekin gelditu dira Fernando Amorebietak bigarren txartel horia ikusi duelako 57. minutuan, baina Muniainek gola lortu du eta azken emaitza 1-0ekoa izan da San Mamesen. Final-zortzirenetako aurkaria Alex Fergusonek gidatutako Manchester United indartsua izango da. Joaneko norgehiagoka Old Trafforden jokatuko da martxoaren 8an eta itzulerakoa San Mamesen martxoaren 15ean.

Aurreneko zatian bi taldeek presio gogorra ezarri dute berdegunean eta gol aukera gutxi izan dituzte. Lokomotivek hartu du aurreneko minutuetan neurketako erantzunkizuna eta Felipe Caicedok izan ditu lehenengo abaguneak. Iraolak eta Javi Martinezek izan dituzte zuri-gorrien aukera onenak, baina Bielsaren mutilek ezin izan dituzte saiakerak gauzatu.

Errusiako taldeak defentsan sendotasun harrigarria erakutsi du eta Athletic ez da eroso egon San Mamesen. Hala ere, Bilboko taldeak bihotzarekin bultzatu egin du erasoan eta azkeneko minutuetan arriskua sortu du. Guilherme atezainak ez du arazo handirik izan eta aurreneko zatiko azken abagunea Caicedok izan du. Ekuadorreko aurrelariaren errematea Iraizozek gelditu bikain batekin desbideratu egin du eta 0-0ekoarekin bukatu da lehenengo zatia.

Bigarren zatian, Marcelo Bielsak Mikel San Jose eta Iñigo Perez zelaiaratu ditu Susaetararen eta Iturrasperen ordez eta Athleticek baloiaren jabetza gehiego mantendu du. Llorentek bi aukera garbi izan ditu aurreneko minutuetan, baina aurrelari zuri-gorriaren erremateak zuzenean kanpora joan dira. Neurketako 57. minutuan, Fernando Amorebietak bigarren txartel horia ikusi du eta Athletic hamar jokalarirekin gelditu da.

Kanporaketa aldapa gora jarri zaio Bilboko taldeari, baina orduan Iker Muniainek 1-0ekoa eskuratu du. Iñigo Perezen erdiraketa Llorentek luzatu egin du eta Txantreako jokalariak bigarren zutoinean baloia sare barrura bidali du (61. minutuan).

Azkenengo minutuak oso luzeak egin zaizkio talde zuri-gorriari, Lokomotivek erasoan jokalari asko batu baititu. Errusiako taldeak berdinketa bilatu egin du, baina Glushakoven jaurtiketa zuzenean kanpora joan da 70. minutuan. Norgehiagokako azkeneko minutuan Da Costak abagune argia izan du, baina bere saiakera langa gainetik kanpora joan da eta Athleticek final-zortzirenetarako sailkatzea lortu du.