Itxi

Athletic Club

Athletic-Lokomotiv

Athleticek erasoan Llorenterekin eta Toquerorekin jokatuko du

Erredakzioa

Zuri-gorriek aurkako 2-1ekoa irauli beharko dute Lokomotiven aurka ostegun honetan San Mamesen. Aurtenetxe baja da eta De Marcosek jokatuko du ezker hegaleko defentsa postuan.

01:52
Athleticek final-zortzirenetara sailkatzea du helburu
Athleticek partida garranttzitsua du ostegun honetan Lokomotiv Moskvaren aurka San Mamesen. Europa Leagueko final-zortzirenetarako txartela dago jokoan eta errusiarrek abantailarekin ekingo diote itzulerako partidari joaneko norgehiagokan 2-1 irabazi baitzuten Moskun.

San Mames beteta egongo da, giro ezin hobea biziko da Bilboko kaleetan eta motibaziorik ez zaie faltako jokalariei. Hori gutxi balitz, final-zortzirenetara sailkatuz gero Manchester Uniteden aurka jokatzeko aukera asko dituzte zuri-gorriek eta kontu hau oso garrantzitsua da jokalarientzat. Unitedek 0-2 irabazi zion Ajaxi Amsterdamen joaneko partidan.

Jon Aurtenetxek ezingo du partida hau jokatu txartel kopuruagatik eta bere ezker hegaleko defentsa postua De Marcosek beteko du. Javi Martinez hasierako hamaikakoan egongo da Malagaren aurka zigotuta egon eta ez baitzuen jokatu. Amorebieta eta Llorente ere hasierako hamaikakoan egongo dira. Athleticek partida aurreko azken entrenamendua burutu du asteazken honetan Lezaman eta Bielsak deialdia eman du: Iraizoz, Toquero, Amorebieta, San Jose, David Lopez, Iturraspe,Llorente, De Marcos, Gabilondo, Raul, Susaeta, Iraola, Iñigo Perez,Muniain, Ander Herrera, Ekiza, Javi Martínez eta Ibai dira deialdian sartu diren jokalariak.

Bestalde, Lokomotivek abantaila du eta ez du kanporaketa galdutzat emango. Athleticen aurkako partida prestatzen ibili dira Xixonen astelehenetik.

Ustezko hamaikakoak:

Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, Amorebieta, De Marcos; Iturraspe, Herrera, Iñigo Pérez; Susaeta, Llorente eta Muniain.

Lokomotiv Moskva: Guillerme; Shiskin, Belyayev, Burlak, Yanbayev; Torbinsky, Zapater, Glushakov; Sichov, Tarasov eta Caicedo.

Epailea: Pawel Gil (Polonia)
Zelaia: San Mames.
Ordua: 19:00etan.