Athletic Club
8 . jardunaldia
Athleticek bultzada hartu eta jaitsiera postuetan utzi du Alaves (1-0)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Atsedenaldiaren atarian Raul Garciak sartutako gol bakartiak garaipena eman die zuri-gorriei. Aurretik, Pachecok penalti bat gelditu dio Raul Garcia berari neurketako lehen minutuetan.
Athleticek atzean utzi du garaipenik lortu gabeko hiru jardunaldiko errenkadari Alavesen kontura (1-0), San Mamesen jokatu den denboraldiko lehen euskal derbian. Raul Garciak atsedenaldiaren atarian sartutako gol batek erabaki du norgehiagoka etxekoen alde. Emaitza horrek sailkapeneko lehen postuetara bultzatu du Bilboko taldea; aldiz, jaitsiera postuetan mantentzen du Javi Callejarena.
Talde zuri-gorriak berehala izan du markagailuan abantaila hartzeko aukera, baina Pachecok gelditu egin du Raul Garciaren penalti jaurtiketa, epaileak zigortu egin baitu Ximo Navarrok baloi bat area barruan eskuz jotzea, VARa begiratu ostean.
Hutsegite horrek ez die luzaroan kalte egin bizkaitarrei, eta agintzen jarraitu dute lehen zatian zehar, babazorroek tarteka hurbilketaren bat izan duten arren, baina arrisku handiegirik sortu gabe.
Neurketako gol bakarra 44. minutuan iritsi da. Lekuek bikain erdiratu du bigarren zutoinerantz, eta Raul Garcia azaldu da bertan, buruarekin baloia sareetara bidaltzeko.
Bigarren zatiaren hasieran, behin Joselu zelaian zela, Alavesek aurrera egin du, eta, besteak beste, Luis Rioja saiatu da Simonen atea zulatzen, bilbotarren arean izandako aldaratze batzuen ostean, baina aurrelari andaluziarrak ez du asmatu.
Zuri-gorrien erantzuna azkar iritsi da, baina, golari begira izan ohi dituzten zailtasunekin egin dut topo berriro etxekoek, kasu honetan Williamsen bi aukera antzurekin.
Alavesek arriskua eragin du gerora ere, Toni Moyak maisutasunez ateratako bi kornerretan. Lehenengoa, Iñigo Martinezek urrundu du ozta-ozta, eta bigarrena Laguardiak errematatu du.
Hala, neurketa joan-etorrikoa bilakatu da, eta amaierara arte bizirik egon da beste golen bat egon zitekeen sentsazioa.
Fitxa teknikoa:
1 - Athletic: Unai Simón; Lekue, Vivian, Íñigo Martínez, Balenziaga; Berenguer (Nico Williams, 66. min), Vencedor, Dani García (Vesga, 86. min), Muniain (Zarraga, 77. min); Raúl García (Sancet, 77. min) eta Iñaki Williams.
0 - Alaves: Pacheco; Martín (Pina, 74. min), Ximo Navarro, Laguardia, Miazga, Duarte; Loum (Manu García, 74. min), Luis Rioja, Toni Moya (Pellistri, 82. min); Sylla (Joselu, 46. min); eta Miguel (Guidetti, 61. min).
Golak: 1-0, 44. min: Raúl García.
Epailea: Carlos del Cerro Grande. Txartel horiak: Vencedor, Berenguer eta Raúl García (Athletic); Ximo Navarro eta Pina (Alaves).
Gertakariak: Lehen Mailako 8. jardunaldiko partida, San Mamesen jokatu dena 28.666 ikusleren aurrean. Partida hasi baino lehen, Athleticek omenaldia egin dio Iñaki Williamsi, LaLigan jarraian jokatutako partiden marka gainditu baitu 203rekin. Hori dela eta, 203 zenbakia zeraman kamiseta bat jaso du Iker Muniain kapitainaren eta Nico anaiaren eskutik.