Athletic Club
202 NEURKETA
Williamsek jarraian jokatutako partiden marka berdindu du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Athleticeko aurrelariak 202 partida jokatu ditu jarraian LaLigan, eta, ondorioz, Juan Antonio Larrañaga Realeko atzelariak 1992tik zeukan marka historikoa berdindu du.
-
Iñaki Williams eta Gabriel Paulista baloiaren lehian. Argazkia: EFE
Iñaki Williams Athleticeko jokalariak Valentziaren aurka jokatu du larunbat honetan, Mestallan, eta, hala, LaLigako 202 partida kateatu ditu bata bestearen atzetik. Ondorioz, Juan Antonio Larrañaga Realeko jokalari historikoak 1992tik zeukan marka berdindu du.
2016ko apirilaren 20an, San Mamesen jokatutako Atletico Madrilen aurkako partida batean, hasi zuen aurrelari bilbotarrak etenik gabeko agerpen sorta hori.
Ordutik, aurrelari zuri-gorriak denboraldi hartako gainerako lau partidetan parte hartu zuen, baita 2016-2017, 2017-2018, 2018-2019, 2019-2020 eta 2020-2021 denboraldietako neurketa guztietan ere, eta, azkenik, Athleticek orain arte denboraldi honetan jokatu dituen zazpi jardunaldietan ere.
Oraingoz, Williamsek jarraian jokatu dituen 202 partidetatik (guztira 241 lehiatan parte hartu du), 168 alditan hasieratik ekin die norgehiagokei. Hala, gainerako 34 lehiatan aulkitik sartuta parte hartu du. Tarte horretan 39 gol sartu ditu.
Horrenbestez, 5 urte, 5 hilabete eta 5 egun geroago, Athleticeko aurrelaria orain arte Larrañagak bakarka zeukan sailkapen historiko horretako lehen postura iritsi da gaur. Realeko atzelariak 1986-1987 eta 1991-1992 denboraldien artean lortu zuen bere errekorra ezartzea.