Athletic Club
DESADOSTASUNA
Athleticek, Real Madril eta Bartzelonarekin batera, LaLigak CVC funtsarekin duen akordioaren aurka egin du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hiru klubek hitzarmen horren aurka bozkatu zuten, eta 5/2015 Errege Lege Dekretua urratzen duela uste dute.
-
Aitor Elizegi, Athleticeko presidentea. Argazkia: EFE
Athleticek, Bartzelona eta Real Madrilekin elkar hartuta, inpugnatu egin du LaLigako Batzarrak CVC inbertsio-funtsarekin abuztuaren 12an adostutako akordioa. Hiru klubek akordio horren aurka bozkatu zuten, eta 5/2015 Errege Lege Dekretua urratzen duela uste dute.
Izan ere, talde zuri-gorriak bere webgunean argitaratu duenez, "aplikatu beharreko araudian aurreikusitakoa urratzen duen akordioa da". Gainera, aipatu hiru taldeen iritziz, akordio hori prozedura "irregular" baten bidez gorpuztu zen, "halako garrantzia eta iraupena duen operazio baten aurrean eska daitezkeen gutxieneko bermeekiko errespeturik gabe", gaineratu du.
CVC funtsarekin sinatutako hitzarmenak 2.000 milioi eurotik gorako irabazia ekarriko die aldeko botoa eman zuten gainerako klubei, LaLigaren arabera. Javier Tebas LaLigako presidenteak adierazi zuenaren arabera, proiektu horrek "taldeak lehiakorragoak eta ekonomikoki sendoagoak izatea du helburu".