Athletic Club
Europa League
Athletic izoztu egin da bigarren zatian
Erredakzioa
Zuri-gorriek lehen zati ona egin dute eta horri esker abantaila lortu du atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian, ostera, Bielsarenak desagertu dira eta errusiarrek markagailua irauli dute (2-1).
-
Llorenteren burukada elurpean. Argazkia: EFE
Fitxa teknikoa:
Lokomotiv: Guillerme; Shiskin, Belyayev, Burlak, Yanbayev; Torbinsky (Obinna, 67. minuto), Zapater, Glushakov (Ozdoev, 88. minutua); Maicon (Sichov, 89. minutua), Tarasov eta Caicedo.
Athletic: Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, Amorebieta, Aurtenetxe (David Lopez, 78. minutua); Iturraspe, De Marcos, Herrera; Susaeta, Llorente eta Muniain.
Golak: 0-1, 35. minutua: Muniain. 1-1, 61. minutua: Glushakov (penalti). 2-1, 71. minutua: Caicedo.
Athleticek galdu egin du Moskuko Lokomotiven aurkako neurketa Errusian (2-1). Bizkaitarrek lehen zati oso ona jokatu eta gol bateko abantaila lortu dute atsedenaldia baino lehen. Baina bilbotarrek bigarren zati eskasa egin dute eta Moskuko taldeak markagailua irauli du.
Hasieran lehoiek hotz handiari aurre egin diote eta atsedenaldira bi goleko abantailarekin joateko merituak egin dituzte, baina Bielsaren mutilek egindako lana zapuztu dute bigarren zatian. Izan ere, zuri-gorriek ez dute ia arriskurik sortu bigarren zati horretan.
Zeroz azpitik 8 graduko tenperaturarekin jokatu da neurketa eta elurra mara-mara bota du batez ere lehen zatiaren hasieran. Luzhniki zuri zegoen dagoeneko.
Hasieratik Athletic partidaren bila joan da, nahiz eta hotzak eta zelai artifizialak askorik ez lagundu.
Zenbait aukera izan eta gero, futbolak justizia egin du eta Susaetak kontraerasoan egindako jokaldi paregabe batek saria jaso du.
30 metroko korrikaldi baten ostean eibartarrak Yanyaev gainditu du hanka azpitik, ondoren Zapater driblatu eta Muniaini goleko pasea eman dio. Nafarrak ez du barkatu.
Lokomotivek lehen zatiko amaieran aukerarik onenak sortu ditu. Hala ere, bigarren zatian minutu txarrenak jokatu dituzte zuri-gorriek. Errusiarrek, ostera, gora jo eta presioa zelai osoan egin dute.
Caicedo indartsuak Aurtenetxeren sarrerei eutsi die, baina azkenean area barruan trabatu du zuri-gorriak eta Errumaniako epaileak penalti adierazi du. Ordura arte desagerturik izan den Glushakovek penaltia sartu eta berdinketa eraman du markagailura.
Saihestezina zirudiena amaierarako 20 minutu falta zirela gauzatu da. Amorebietak huts ikaragarria egin du area barruan eta baloiak Caicedoren oinetan amaitu du. Ekuadorreko aurrelariak baloia Iraizozen sareetara bidali du.