Itxi

Athletic Club

Ostegunean, 18:00etan

Moskun izoztuta gelditzerik ez du nahi Athleticek

Erredakzioa

Norgehiagoka zelai artifizialean jokatu da, beste eragozpen bat Bielsaren mutilentzat. Errusiako taldeak erritmo falta nabaritu dezake, abenduaren 14az geroztik ez duelako neurketa ofizialik jokatu.

00:58
Athleticen azken entrenamendua Moskun
Athleticek Europako ibilbideari ekingo dio berriro ostegun honetan (18:00etan). Zuri-gorriek Europa Leagueren final-hamaseirenetako joaneko partida jokatu behar dute Moskuko Lokomotiven aurka, Errusian. Marcelo Bielsaren mutilei gauzak zailtzeko baldintza meteorologikoak aprobetxatu nahi ditu talde errusiarrak.

Urtarrilean eta otsailaren hasieran astero hiru neurketa jokatuta, Athletic une bitxi batean heltzen da norgehiagoka honetara. Izan ere, zuri-gorriak pozik dira Errege Kopako finala Bartzelonaren kontra jokatzeko txartela lortu dutelako, baina, era berean, BBVA Ligan ez dute beharrezko erregulartasuna lortu.

Orain Athleticek beste azterketa bati egin beharko dio aurre. Bielsaren taldeak itxaropen handiak ditu Europa Leaguen. Lehen fase ona egin zuen Athleticek, izan ere, partida bakarra galdu egin zuen sailkapena eskuan zuenean, PSGren aurka Parisen. Norgehiagoka hartan ezohikoek jokatzeko aukera izan zuten.

Bestalde, Lokomotiv Europako txapelketetan jokatzera ohituta dagoen taldea da. Errusiako talde guztiak bezalaxe, Lokomotiv oso talde deserosoa da bere etxean, nahiz eta partida CSKAren zelaian jokatu oraingoan, Luznhikin. CSKAren zelaiak soropila artifiziala du eta hori beste eragozpen bat da zuri-gorrien jokoarentzako. Era berean, Bielsaren mutilek hotzari aurre eginbeharko diote, etxekoak ohituago baitaude.

Hala ere, bilbotarrek abantaila txiki bat izango dute. Jose Couceiroren jokalariek erritmo falta dute, Errusiako Liga neguko atsedenaldian dagoelako. Lokomotivek abenduaren 14an jokatu zuen azken partida ofiziala. Orduan 5-3 galdu zuten Anderlechten aurka, txapelketako lehen fasean jasan zuen porrot bakarra.

Ustezko hamaikakoak:

Lokomotiv: Amelchenko; Shishkin, Da Costa, Durica, Yanbaev; Zapater, Glushakov, Ignatyev, Torbinsky; Sychev eta Caicedo.

Athletic: Iraizoz; Iraola, Amorebieta, Javi Martinez, Aurtenetxe; De Marcos, Iturraspe, Herrera, Susaeta; Muniain eta Llorente.

Epailea: Ovidiu Alin Hategan (Errumania).

Estadioa: Luzhniki.

Ordua: 18:00etan.