Athletic Club
Maiatzaren 20an edo 25ean
Real Madrilek ez du nahi Errege Kopako finala Bernabeun jokatzea
Erredakzioa
Athleticek eta Bartzelonak ahalik eta zelai handiena nahi dute finalerako. Calderon, Mestalla, Camp Nou eta La Cartuja dira indarra hartzen duten aukerak.
Athleticek eta Bartzelonak Errege Kopako finala jokatuko dute, baina oraindik ez dago data ez toki zehatzik final horretarako. Bartzelona Txapeldunen Ligarako sailkatzen bada, Kopako finala maiatzaren 25ean jokatuko da eta bestela, maiatzaren 20an izango da finala.
Bi finalistek ahalik eta zelai handienean jokatu nahi dute ahalik eta bazkide gehienek sarrera izan dezaten. Santiago Bernabeun jokatu nahi dute finala, baina badirudi Real Madrilek ez duela finala Bernabeun jokatzea nahi. Bartzelonak finala beraien zelaian irabazi dezake eta ez dute horrelakorik pentsatu ere egin nahi. Gainera, Real Madrilek obrak hasiko ditu Bernabeun Liga amaieran eta hori ere beste oztopo bat da.
Bernabeu baztertzen bada, Calderon, Mestalla, La Cartuja edo Camp Noun bertan jokatzeaz hitz egiten ari da jendea. Vicente Calderonen Coldplay taldearen kontzertu bat dago maiatzaren 20an eta horrek aukerak murrizten dizkio Atletico Madrilen zelaiari. Camp Noun jokatzea, askorentzat Barçari eta bere zaleei abantaila ematea da. Bartzelona oso ondo moldatzen da bere zelaian eta gainera ez dute bidaiatu behar. Zaleen kasuan gauza bera gertatuko litzateke.
Sevillako La Cartujan jokatzea ere proposatu dute, baina atletismoko pista eta hau ez da finalistak diren bi taldeen gustokoa. Mestallak ere indarra hartu du azken orduotan. Bartzelonaren aurka finala galdu eta gero, Manuel Llorente Valentziako presidenteak aitortu zuen Mestalla prest egongo litzatekeela finala hartzeko.
Kopako finala har dezaketen zelaien kapazitatea:
Santiago Bernabeu: 85.454 ikusle
Vicente Calderón: 54.851 ikusle
La Cartuja: 57.619 ikusle
Mestalla: 52.200 ikusle
Camp Nou: 98.787 ikusle