Itxi

Athletic Club

Errege Kopa (Finalerdiak)

Gol festa eta finalera!

Erredakzioa

Athleticek 6-2 irabazi dio Mirandesi. Lehen zatian erabakita utzi dute partida zuri-gorriek (3-0). Llorentek eta Blancok bina gol sartu dituzte bigarren zatian eta Canedak bere atean sartu du azkena.

  • Athletic-Mirandes. Argazkia: EFE

    Athleticeko jokalariak Mirandesen aurka lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

6 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe (San Jose, min.58), De Marcos, Herrera (Iñigo Perez, min.74); Susaeta, Llorente eta Muniain (David Lopez, min.77).

2 - CD Mirandes: Nauzet; Garmendia, Cesar Caneda, Aitor Blanco, Raul Garcia; Mujika, Iribas (Borrell, min.55), Martins (Garro, min.68), Pablo Infante; Alain (Muneta, min.46) eta Lambarri.

Golak: 1-0, min.11: Muniain. 2-0, min.14: Susaeta. 3-0, min.22: Aurtenetxe. 3-1, min.57: Aitor Blanco. 4-1, min.71: Llorente. 5-1, min.75: Llorente. 6-1, min.86: Aitor Blanco. 6-2, min.88: Cesar Caneda, bere atean.
Epailea: Undiano Mallenco.

Athleticek 6-2 irabazi dio Mirandesi San Mamesen Errege Kopako finelardietako itzulerako partida. Joaneko partidan 1-2 irabazi zuen Athleticek eta 8-3ko emaitza orokorrarekin finalerako txartela lortu dute zuri-gorriek. Hiru urte geroago itzuli da Athletic Kopako finalera, 2009an Bartzelonaren aurka Mestallan jokatu baitzuen azken finala eta orduan 4-1 galdu zuen Bartzelonaren aurka.

San Mameseko partida intentsitate handiarekin hasi zuten bi taldeek, baina minutuak aurrera joan ahala Athletic nagusitzen hasi zen eta 11. minutuan Muniainek 1-0ekoa sartu zuen zale zuri-gorriei lasaitasuna emateko. Hiru minutu beranduago, 14. minutuan, Susaetak 2-0koa sartu zuen eta 22.ean Aurtenetxe izan zen 3-0ekoaren egilea. 3-0eko emaitza horrekin bukatu zen lehen zatia.

Bigarren zatian Athleticek erritmoa jaitsi zuen partida erabakita baitzegoen, baina horrek 3-1ekoa sartzeko aukera eman zion Miradesi. Aitor Blancok murriztu zituen aldeak. Jasotako gol horrek Athletic esnatu zuen eta Llorenteren bi golekin 5-1 jarri ziren zuri-gorriak. 4-1ekoa 71. minutuan sartu zuen aurrelariak eta 5-1ekoa 74. minutuan etorri zen.

Bazirudien hor amaituko zela gol festa, baina ez zen ala izan. Aitor Blancok, Mirandesen eta bere bigarren gola sartu zuen 86. minutuan eta Cesar Canedak bere atean sartutako gol batek borobildu zuen gaua San Mamesen. Azken emaitza 6-2koa izan zen. Finalean Athleticen aurkaria izango den taldea Bartzelona-Valentzia (1-1) kanporaketatik aterako da.

Horrela bizi izan dugu Athleticen garaipena eitb.com-en