Athletic Club
Athletic-Espanyol (3-3)
Bi puntu garrantzitsu ihes egiten utzi ditu Athleticek
Erredakzioa
Albinek 91. minutuan jarri du 3-3koa markagailuan. De Marcosek, Llorentek eta Javi Martinezek lortu dituzte zuri-gorrien golak, baina Pochettinoren mutilek saria eskuratu dute azkenengo jokaldian.
-
David Lopez Espanyoleko jokalariekin lehian. Argazkia: EFE
- Fitxa teknikoa:
3 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, San Jose, Aurtenetxe; Iturraspe, De Marcos, Iñigo Perez (Herrera, 46. minutuan); David Lopez (Susaeta, 46. minutuan), Llorente (Toquero, 76. minutuan) eta Muniain.
3 - Espanyol: Kiko Casilla; Javi Lopez, Hector Moreno, Raul Rodroguez, Didac Vila; Forlin (Kalu Uche, 82. minutuan), Romaric; Weiss, Verdu, Coutinho (Thievy, 65. minutuan); eta Rui Fonte (Albin, 73. minutuan)
Golak: 1-0, 26. minutuan: De Marcos. 1-1, 33. minutuan: Romaric. 1-2, 47. minutuan: Weiss. 2-2, 58. minutuan: Llorente. 3-2, 65. minutuan: Javi Martinez. 3-3, 92. minutuan: Albin.
Athleticek eta Espanyolek lehenengo zatiko jabetza banatu egin dute. Bielsaren mutilek ondo hasi dute neurketa eta Llorentek aurreneko abisua egin du bosgaren minutuan. Aurrelari zuri-gorriaren errematea gutxigatik joan da kanpora eta Athleticek erasoan sakatzen jarraitu du. David Lopezek eta Oscar De Marcosek areaz kanpotik egin dituzte saiakerak, baina urruneko jaurtiketek ez dute aterik aurkitu. 1-0ekoa 25. minutuan lortu du De Marcos arabarrak. Jokalari zuri-gorriaren jaurtiketa biguna ezin izan du Casilla atezainak gelditu eta hutsegite larri baten ostean balia sare barrura joan da.
Markagailua alde izan dute zuri-gorriek, baina Espanyolek gehiago sakatu du eta Athletic atzean sartu da. Erdigunean nagusi izan dira Verdu eta Romaric eta Pochettinoren mutilek abagune onak sortu dituzte. Iraizozek gelditu ikusgarri egin dio Morenoren jaurtiketari, baina Romaricek 1-1koa jarri du markagailuan ezkerkada gogor bati esker. Llorente eta Muniain urruneko jaurtiketekin saiatu dira, baina Casilla atezaina sendo egon da atean.
45. minutuan Fernandez Borbalan epaileak Espanyolek lortutako legezko gola baliogabetu egin du Moreno ez baitzegoen jokoz kanpoko posizioan.
Atsedenaldiaren ostean, Weissek markagailuan goitik jarri du Espanyol gol ikusgarria lortuta. 1-2koarekin Marcelo Bielsaren taldeak defenstan sufritu egin du Kataluniako taldeak erasoan arriskua sortu baitu hirugaren gola bilatzeko asmoarekin. Hala ere, Athleticek ederki aprobetxatu dite estrategiako jokaldiak eta Llorentek 2-2koa lortu du 58. minutuan erremate eder bati esker.
Susaetak Rui Fonteren jaurtiketa Athleticen ateko langa azpitik atera egin du eta Pochettinoren taldeak ezin izan ditu gol aukera argi gehiago sortu. Zuri-gorrien erantzuna, Javi Martinezek eman du markagailuan 3-2koa jarrita. Aiegiko jokalariak erremate bikaina egin du eta sare barrura bidali du balioia. 3-2koarekin Bilboko taldeak neurketako abagune argienak izan ditu, baina Susaetaren saiakera gurutzera joan da eta De Marcosek ezin izan du bere jaurtiketa atera bideratu.
Norgehiagokako 91. minutuan Espanyolek 3-3koa jarri du markagailuan. Javi Martinezek irrist egin du eta Albinek ederki gainditu du Gorka Iraizoz jaurtiketa gogor batekin.