Athletic Club
Kopako finalerdiak
Athleticek lehen zati bikaina jokatu eta kanporaketa bideratu du
Erredakzioa
Bielsaren mutilak bikain aritu dira lehen zatian, baina bigarren zatian fisikoki behera egin eta Mirandesek sakatu egin du. Burgoseko taldeak aldea murriztea lortu du.
-
Argazkia: EFE
Fitxa teknikoa:
CD Mirandes: Nauzet; Garmendia, Cesar Caneda, Corral, Raul Garcia; Garro (Lanbarri, .53. minutua), Martins; Mujika, Muneta (Jose Angel, 70. minutua), Pablo Infante; eta Alain (Borrel, 63. minutua).
Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe, De Marcos, Herrera; Susaeta (David Lopez, 76. minutua), Llorente eta Muniain (Iñigo Perez, 86. minutua).
Golak: 0-1, 17. minutua: Llorente. 0-2, 25. minutua: Llorente. 1-2, 90. minutua: Lanbarri.
Errege Kopako finalerdietako kanporaketa bideratu Athleticek Anduvan (Miranda Ebro). Zuri-gorriek 1-2 irabazi diote Mirandesi joaneko partidan, Burgoseko zelaian. Bielsaren mutilek lehen zati bikaina jokatu dute eta Llorentek neurketa desorekatu du.
Lehen zatian Athletic ikaragarri ondo aritu da eta Mirandes baino askoz hobea izan da. Aurreneko minututik zuri-gorriek etxekoen hasiera indartsua eten dute eta baloiaren jabetzaren bidez partidaren kontrola bereganatu dute bilbotarrek.
Bielsaren gizonek erraz mugitu dute baloia eta Pousoren mutilak ez dira presioan oso fin aritu. Horrela, Athletic markagailuan aurreratu da. De Marcosek bakarkako jokaldi paregabea egin eta Llorentek haren erdiraketa sareetara bidali du.
Mirandesek ez du bururik altxatu eta gutxi geroago bigarren gola jaso du. Oraingoan Llorentek berak jokaldiari hasiera eman eta bukatu du. Bakarkako jokaldi ezin hobea egin du Rincon de Sotoko aurrelariak eta Nauzet gainditu du. Llorenteren ehungarren gola izan da Athleticekin.
Pousoren taldea erreakzionatzen saiatu da, baina aurreneko zatian ia ez du arriskurik sortu, izan ere, zuri-gorriek ederki defendatu dute. Bielsaren jokalariek hirugarren gola sartu ahal izan dute, baina Llorente ez da erdiraketa bat errematatzera heldu.
Bigarren zatia, partida erabat aldatu da eta Mirandesek gehiago sakatu du. Gainera, bizkaitarrek fisikoki behera egin dute. Zuri-gorriek ez dute jokaldirik lotu eta Pousorenek aldea murriztu dute luzapenean.
Bestalde, epaileak Athletici kalte egin dio berriro, izan ere, marrazainak Muniaini jokoz kanpokoa adierazi dio, baina nafarra legezko posizio batetik abiatu da eta baloia sareetara bidali du.