Itxi

Athletic Club

Errege Kopa

Athletic-Mallorca (2-0): Zuri-gorriek kanporaketa bideratu dute

Erredakzioa

Athleticek lan ona egin eta Caparrosen taldeari irabazi dio San Mamesen. Llorentek eta Muniainek aurretik jarri dute talde zuri-gorria kanporaketan.

  • Athleticen jokalariak gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Athleticen jokalariak gola ospatzen. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

Athletic Club: Iraizoz; Iraola (Iñigo Perez, 46. minutua), Javi Martinez, Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe, Herrera (San Jose, 87. minutua), Muniain; Susaeta (Toquero, 89. minutua), Llorente, Muniain.

Mallorca: Calatayud; Cendros, Nunes, Ramis, Caceres; Pereira, Tissone (Marti, 56. minutua), Joao Victor, Castro (Nsue, 66. minutua); Hemed (Alfaro, 46. minutua), Victor Casadesus.

Golak: 1-0, 35. minutua: Llorente. 2-0, 59. minutua: Muniain.

Joaquin Caparros entrenatzailea San Mamesera itzuli da, baina zuri-gorriek ez diote oparirik egin, izan ere, Athleticek Errege Kopako final-laurdenetako kanporaketan aurrea hartu du. Zuri-gorriek 2-0 irabazi diote Mallorcari. Fernando Llorentek eta Iker Muniainek sartu dituzte bi golak.

Lehenengo zatian bi taldeen arteko berdintasuna nagusi izan da. Athletic partidari erritmoa sartzen saiatu da. Mallorca, ostera, kontrakoa egiten saiatu da, hau da, jokoa hoztu faltak eginez eta baloiaren kontrola mantenduz.

Hala eta guztiz ere, Caparrosen taldeak bi aukera garbi izan ditu kontraerasoan, baina Gorka Iraizozek bi geldiketa ikaragarri egin ditu. Atezain zuri-gorriak erabakigarria izan da, izan ere, bere bi geldituak Mallorcak aurrea ez hartzeko funtsezkoak izan dira.

Athleticek ere arriskua sortu du Mallorcaren arean. Herrerak eta De Marcosek bi jaurtiketa arriskutsu egin dituzte. Lehenengoa gutxigatik kanpora joan da eta bigarrena Calatayudek gelditu du. Athleticen lehen gola jokaldi on batean etorri da. De Marcosek erdiraketa bikaina egin eta Llorentek sareetara bidali du baloia.

Bigarren zatiko hasiera aurrenekoaren antzekoa izan da. Athletic erasoan saiatu da berriro, eta Iñigo Perezek hiru jaurtiketa egin ditu jarraian. Perez Iraolaren ordez berdeguneratu da bigarren zatian.

Munianek gutxi geroago bigarrena egin du. Susaetak orpoz baloia eraman eta barnekaldia egin ostean erdiraketa paregabea egin du. Bielsaren jokalariek segidan buruz sartu duten seigarren gola izan da.

2-0ekoarekin Mallorcak aurrera egin du eta kornerren bidez Iraizozen atea bilatzen saiatu da. Bigarren zatian zortzi korner izan ditu Caparrosen taldeak, baina ez du etekinik atera.