Athletic Club
Alfonso Perezen
Getafe-Athletic (0-0): Kostatako puntua zuri-gorrientzat
Erredakzioa
Partidak erritmo handiko hasiera izan du, baina minutuek aurrera egin ahal hoztu da jokoa. Zuri-gorriek gol aukera argiak izan dituzte baina sufritzea ere tokatu zaie.
-
Getafe-Athletic. Argazkia: EFE
Athleticek hutsean egin du Getaferen aurka BBVA Ligako 18. jardunaldiko partidan. Aurreneko hogei minutuak erritmo handikoak eta zirraragarriak izan dira, baina minutuek aurrera egin ahala hoztu da partida. Athleticek ondo egin du, baloia mugituz eta arriskua sortuz. Gol aukerarik garbiena Andoni Iraolarentzat izan da 12. minutuan. Zuri-gorrien kontraeraso bikain batean baloia oparitu dio Muniainek Iraolari, baina Usurbilgoaren erremate oso kaskarra izan da. Bakarrik zegoen.
Biek aurkariaren atea zuten helburu eta 36.ean erremate bikaina egin du Casquerok areatik gertu. Oso gutxigatik gora joan zaio; Gorka ezustean hartzeko zorian izan da jokalaria. Athletici azken metroetan asmatzea falta zitzaion.
Bigarren zatian Luis Garciaren taldea izan da nagusi. Defentsan ondo erantzun dute zuri-gorriek, baina sufritu dute. 52. minutuan 1-0ekoa sartzeko aukera paregabea izan du Rafak. Guiza ere Athleticeko atzelarien amesgaiztoetako bat izan da.
74.ean Markel Susaeta izan da protagonista. Eskuinetik, oso okertuta, jaurti du eibartarrak eta baloiak langan jo du lehenengo eta zutoinean ondoren. Hilabete bat bajan egon ondoren, Fernando Llorente agertu da 65. minutuan, baina errioxarra desagertuta egon da, oso gutxi egin du jokatutako minutuetan.
Emozio handikoak izan dira azken minutuak, partida erabat apurtuta zegoen eta markagailua, airean. Baina azkenean puntu banaketa egon da eta Marcelo Bielsaren gizonek landutako puntua eskuratu dute.
Ficha teknikoa:
0 - Getafe:Moya; Varela, "Cata" Diaz, Rafa, Masilela; Pedro Roos (Gavilan, 71'), Míchel, Casquero (Lacen, 76'), Barrada; Guiza (Diego Castro, 82') eta Miku.