Itxi

Athletic Club

Errege Kopa

Albacete-Athletic (0-0): Kanporaketa, zabalik

Erredakzioa

Norgehiagokak ez du ia gol aukerarik izan eta emaitza legezkoa da. Zuri-gorriek gola sartzeko aukeraren bat gehiago izan duten arren ez dute garaipena merezi izan.

02:06
Bielsa: 'Irabazteko moduko partida izan da, baina ez dugu irabazi'
Athleticek ez du partida ona jokatu Albaceteren aurka Carlos Belmonten Errege Kopako final-zortzirenetako joaneko partidan. Norgehiagoka golik gabe bukatu da (0-0) eta kanporaketa zabalik geratu da.

Bi taldeak elkar errespetatuz atera ziren futbol zelaira eta lehen zatian ia ez zen gol aukerarik egon. Athletic saiatu zen baloiren jabetza izaten, baina Albacetek azkar mozten zuen jokoa falten bidez. Lehen zatian ia ez da gol aukerarik izan, baina egon diren gutxiak Athleticentzat izan dira. Argiena Andoni Iraolak izan du 18. minutuan. Iturraspek pase dotorea eman dio eta usurbildarrak zutoinera bidali du jaurtiketa atezainaren aurrean bakarrik geratu ostean. Ondoren, beste pase on bat Herrerari iritsi zitzaion, baina honek ezin izan zuen kontrola behar bezala egin. Horrenbestez, golik gabe bukatu ziren lehen 45 minutuak (0-0).

Bigarren zatia lehenengoaren antzekoa izan zen, ia gol aukerarik ez eta borroka handia zelai erdian. Albacetek izan zuen bigarren zatiko lehen gol aukera. 54. minutuan Callek erdi bueltan jaurtiketa atera eta Iraizozek gelditu egin zuen.

Athleticek ez zuen aukerarik sortu azken minutuetara arte. Munianek jokaldi pertsonalaren bitartez arazoetan sartu zuen defentsa, baina bere jaurtiketa zutoina urratuz kanpora joan zen. 91. minutuan Iñigo Perezek falta jaurtiketa bikaina atera zuen eta Campos atezainak erantzun ezin hobea eman zion baloia kornerrera desbideratuz.

Partida 0-0eko emaitzarekin bukatu zen eta kanporaketa San Mamesen erabakiko datorren ostegunean.

Fitxa teknikoa:

0 - Albacete:Campos, Alba, Castillo, Santamaria, Zurdo, Tete, Rocha (Añon, m.79),Candela (Colorado, m.69), Adriá, David Torres (Nuñez, m.60) eta Calle.

0 - Athletic de Bilbao:Iraizoz, Iraola, Javi Martinez, Amorebieta, Aurtenetxe, Susaeta (SanJose, m.46), Iturraspe, De Marcos (Ibai, m.46), Muniain, Ander Herrera eta Toquero.