Itxi

Athletic Club

2-2

Athleticek berdindu egin du Valladolidekin eta agur esan dio Europako ametsari

A. B. E. | EITB Media

Talde zuri-gorriak bina (2-2) berdindu du San Mamesen jokatu duen Ligako 33. Jardunaldiko partida, birritan markagailuan aurretik jarri den arren.

0
Athletic Club – Valladolid

Athleticek berdindu egin du Valladoliden aurka (2-2) San Mamesen jokatu duen Santander Ligako 33. jardunaldiko norgehiagoka. Puntu bakarra eskuratuta, zuri-gorriek atzerapausoa eman dute Europarako postuak eskuratzeko lehian.

Erritmo bizia jarri dio partidari hasieratik Athleticek, jarrera erasokorra agertuta. Zuri-gorriek arriskua eraman dute Valladoliden ate ingurura, baina abagune argiak sortzea kosta zaio. Hala ere, Marcelino Garcia Totralek zuzentzen duen taldeak presioa goialdean egiten jarraitu dute aurkariari baloia ateratzea oztopatzeko, eta presioak saria jaso du 14. minutuan; Joaquin Valladolideko jokalariak baloia aldentzean huts egin du, Morcillok jaso, eta jaurtiketa gurutzatuaren bidez Masip atezaina gainditu du (1-0).

Gola sartu ostean Athleticek jaun eta jabe izaten jarraitu du, eta Morcillo bigarren gola sartzetik gertu egon da 29. minutuan, baina jaurtiketa kanpora joan zaio. Valladolidek abagune bakarra izan du lehen zatian, eta berean gola sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du Weissman jokoz kanpo egon delako.

Bigarren zatiko lehen minutuetan lehen 45etan baino gehiago egin du Valladolidek. Neurketako 52. minutuan Unai Simonek eragotzi du talde bisitariaren gola Oscar Planoren erremateari erantzun ona emanda. Lau minutu beranduago, Marcos Andreren jaurtiketa kanpora joan da. Athleticen erantzuna 58. minutuan iritsi da, baina Villalibreren erremateari erantzun paregabea eman dio Masipek. Minutu bat beranduago Masipek beste gol bat eragotzi du, Iñigo Martinezen errematea desbideratuta.

Norgehiagokako 61. minutuan hiru aldaketa egitea erabaki du Marcelino entrenatzaileak; Raul Garcia, Ibai Gomez eta debuta egin duen Nico Williams zelairatu ditu Berenguer, Sancet eta Morcillo kenduta.

Zuri-gorriek gola sartzeko aukera oso argiak alferrik galdu dituzte, eta 69. minutuan Valladolidek neurketa berdintzea lortu du; talde bisitariaren aldeko korner baten Orellanak erremate ona egin, eta banakoa (1-1) jarri du markagailuan.

Pozak, ordea, ez dio asko iraun Valladolidi, Athleticek kontraerasoa antolatu baitu 76. minutuan, zelaira sartu berria zen Iñaki Williamsek korrikaldi bizia egin du aurkari gutziak atzean utzita, area barruan pasea eman eta Raul Garciak 2-1ekoa sartu du.

Bigarren gola sartu ostean, Valladolidek berdinketaren bila jo du, baina Athleticek arazo gehiegirik gabe eutsi dio. Hala ere, Sergio Gonzalezek zuzentzen duen taldeak eskuin hegaletik egindako erdiraketa pasatzen utzi du Oscar Planok eta Weissmanek gola sartu du (2-2) penalti puntuaren paretik errematea sare barrura bidalita.

Azken txanpan, garaipenaren bila jo du Valladolidek, baina Athleticek lan ona egin du defentsan, eta partida bina (2-2) berdinduta amaitu da.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Nuñez, ÍIñigo Martínez, Balenziaga; Berenguer (Nico Williams, 61. min), Unai López (Mikel Vesga, 72. min), Dani Garcia, Morcillo (Ibai, 62. min); Sancet (Raul Garcia, 62. min), Villalibre (Iñaki Williams, 72. min).

2 - Valladolid: Masip; Janko, El Yamiq, Joaquin (Kiko Olivas, 79. min), Nacho; Oscar Plano, Ruben Alcaraz (Roque Mesa, 62. min), Fede San Emeterio (Sergi Guardiola, 79. min), Orellana (Hervias, 79. min); Weissman, Marcos Andre (Michel, 62. min).

Golak: 1-0, 14. min: Morcillo. 1-1, 70. min: Orellana. 2-1, 76. min: Raul Garcia. 2-2, 85. min: Weissman.

Epailea: Adrian Cordero Vega. Txarte horia atera dio Sancet (61. min) Athleticeko jokalariari.