Itxi

Athletic Club

Levanteri irabazi ostean

Athletic, Errege Kopako finalera

A. B. | EITB Media

Talde zuri-gorriak 1-2ko emaitzarekin lortu du garaipena Levanteren aurka jokatu duen finalerdietako itzuliko partidan. Joaneko neurketa bana (1-1) berdinduta amaitu zenez, Athletic finalean da.

Athkletic Club

Athleticek Errege Kopako finalerako txartela lortu du, finalerdietako itzuliko partidan Levante 1-2 menderatuta. Joaneko neurketa 1-1 berdinduta amaitu zenez, talde zuri-gorriak jokatuko du finala Bartzelonaren aurka.

Erasokor ekin dio neurketari Athleticek eta bosgarren minutuan abagune argia izan du, baina Raul Garciak kanpora jaurti du, De Marcosen pase bikainaren ostean. Levanteren erantzuna bi minutu geroago etorri da, Moralesek orpoz egin duen errematearekin, baina Unai Simon atezainak gelditu du. Neurketako 15. minutuan, Levantek kontraerasoa antolatu du, Rochinak pasea eman du area barrura, Athleticeko defentsak ez du baloia aldentzea lortu, eta Roger Martik gola sartu du (1-0).

Etxeko taldeak gola sartu ostean, baloiaren jabe egin da Athletic, eta 23. minutuan norgehiagoka berdintzeko aukera izan du; De Marcosek erdiratu, eta Muniainen errematea kanpora joan da, oso gutxigatik. Hurrengo jokaldian Levantek izan du abagunea, baina Moralesen jaurtiketa kanpora joan da. Talde bakoitzaren abagune horien ostean, Athetic kontraerasora atera da, eta Raul Garcia errematea egitera joan denean Duartek falta egin dio area barruan eta epaileak penaltia adierazi du. Raul Garciak berak jaurti du, eta 1-1eko emaitza jarri du markagailuan.

Berdinketaren ostean ere ez da jaitsi partidaren erritmo bizia, eta Levantek abagune bikaina izan du 33. minutuan, De Frutosen erremate baten bidez; gutxigatik joan da kanpora. Jarraian, Athleticen erantzuna heldu da, Yuriren jaurtiketa batekin, eta, atsedenaldira iritsi aurretik , Yerayk ia-ia bere atean sartu du baloia, erdiraketa bat desbideratzen saiatu denean; baloia Unai Simonek harrapatu du, zutoina jo ostean.

Bigarren zatiko lehen hiru minutuetan, bi abagune izan ditu Athketicek: Unai Lopezen jaurtiketa indartsu bat Aitor Fernandez atezainak desbideratu du, eta Williams ez da iritsi Berenguerrek eman dion pasera (gola sartzeko aukera argia zen). Ondorengo minutuetan, bi taldeek falta asko egin dituzte, eta neurketaren erritmoa moteldu egin da. Pixkanaka, ordea, Athletic egin da baloiaren jabe, eta abaguneak sortzea kostatu zaion arren, zuri-gorriek gola sartzeko aukera izan dute; hala ere, Williamsek kanpora bota du errematea Raul Garciak orpoz pasea eman ostean. Geroago, 75. minutuan, Berenguer gola sartzeko aukera izan du; errematea, baina, kanpora joan zaio oso gutxigatik. Bi minutu geroago, Raul Garciak ez du asmatu. Athleticek erasoan jarraitu du, eta Aitor Fernandez atezainak talde zuri-gorriaren gola eragotzi du Berenguerren jaurtiketa desbideratuta.

Partidaren azken txanpan, bi taldeei asko kostatu zaie gola sartzeko aukera argiak sortzea. Levantek izan du azkena, baina Sergio Leonek erremate kaskarra egin du, eta lehia luzapenera iritsi da.

Luzapeneko bigarren minutuan, abagunea izan du Athleticek; Raul Garciaren jaurtiketa, ordea, kanpora joan da. Ondoren, talde zuri-gorria izan da baloiaren jabe, aurkariaren ate ingurura gerturatu da, baina Levanteko defentsako jokalariek saihestu dituzte zuri-gorrien errematerako aukera guztiak. Luzapeneko lehen zatiko azken minutuan, Unai Simon atezainak eragotzi du Levanteren gola, Bardhiren falta jaurtiketari erantzun bikaina emanda.

Luzapeneko bigarren zatiko bosgarren minutuan jaso du saria Athleticen ekinak, Berenguerren gola heldu baita (1-2); talde zuri-gorriko jokalariak area kanpotik jaurti du, eta baloia sare barrura joan da, aurkari baten bizkarrean jo ondoren. Levante taldeko atezain arrasatearrak ezin izan du ezer egin baloia gelditzeko.

Norgehiagokako azken minutuetan, etxeko taldea saiatu da golaren bila jotzen, baina Athleticek ondo eutsi dio, eta finalerako txartela eskuratu du.

Fitxa teknikoa:

1 - Levante: Aitor Fernandez, Miramon (Coke, 109. min), Vezo, Duarte, Clerc, De Frutos, Róber Pier (Bardhi, 46. min) Malsa (Vukcevic, 86. min), Rochina (Son, 86. min), Roger (Dani Gomez, 90. min) eta Morales (Sergio Leon, 89. min).

2 - Athletic Club: Unai Simon, De Marcos (Capa, 106. min), Unai Núñez, Yerai, Yuri (Balenziaga, 109. min), Berenguer, Unai Lopez (Vencedor, 106. min), Vesga (Dani Garcia, 96. min), Muniain (Morcillo, 110. min), Williams eta Raul Garcia (Villalibre, 96. min).

Golak: 1-0, 17. min: Roger. 1-1, 30. min: Raul Garcia, penaltiz. 1-2, 112. min: Berenguer.

Epailea: Del Cerro Grande. Txartel horiak atera dizkie Duarte eta Rochina Levanteko jokalariei, baita Unai Nuñez, Unai Lopez eta De Marcos Athleticeko futbolariei ere.