Athletic Club
Errege Kopa
Athleticek final-laurdenetarako txartela lortu du, Alcoyano mendean hartuta
A. B. | EITB Media
Talde zuri-gorriak 1-2ko emaitzarekin lortu du garaipena Errege Kopako final-zortzirenetan, galtzen hasi den arren.
Athleticek Errege Kopako final-laurdenetarako txartela eskuratu du Alcoyanoren aurka 1-2ko emaitzarekin garaipena lortuta, Errege Kopako final-zortzirenetako partidan. Zuri-gorriak galtzen hasi dira, baina emaitza iraultzea lortu dute.
Gaizki hasi da neurketa Athleticentzat, Alcoyanok lehen minutuan abagune argia izan baitu, baina Angelek zutoinera bidali du jaurtiketa. Bi minutu geroago, Ezkieta atezainak gelditu egin du Mouraden errematea. Jarraian etorri da Athleticen erantzuna, baina Nuñezen errematea kanpora joan da. Ondoren, talde zuri-gorria egin da baloiaren jabe, eta bi taldeei asko kostatu zaie abaguneak sortzea. Neurketako 40. minutuan, epaileak Alcoyanoren aldeko falta adierazi, eta Carbonellek 1-0ekoa sartu du, falta jaurtiketak Athleticeko jokalari bat jo, eta Ezkieta gaindituta. Atsedenaldira iritsi aurretik, talde zuri-gorriak partida berdintzeko aukera izan du, baina Vesgaren errematea kanpora joan da.
Bigarren zatiari ekiteko, Marcelino Garcia Toral Athleticeko entrenatzaileak Muniain eta Raul Garcia zelairatu ditu Sanceten eta Morcilloren ordez. Aldaketek azkar eman dute fruitua, 53. minutuan Villalibrek banakoa jarri baitu markagailuan (1-1), Lekueren erdiraketa bikain errematatuta.
Baloiaren jabe egin da Athletic bigarren zatian, eta Alcoyano atzean sartu du. Partidaren erritmoa bizia izan da, baina talde zuri-gorriak lehenengoan baino gutxiago sufritu du. Marcelinok Williams eta Dani Garcia sartu ditu berdegunera 66. minutuan, Unai Lopezen eta Berenguerren ordez, eta taldeak hobera egin du.
Nagusi izan da talde zuri-gorria bigarren zati osoan zehar, Alcoyanok ez du abagunerik sortu, eta norgehiagoka erabakita geratu da Williamsek 78. minutuan sartu duen golarekin (1-2); Muniainek bikain erdiratu, eta aurrelari zuri-gorriak buruz sartu du baloia sare barrura.
Fitxa teknikoa:
1 - Alcoyano: Jose Juan, Jordan (Alberto Rubio, 80. min), Primi, Raul Gonzalez, Pablo Carbonell, Jorge Molto (Raillo, 46. min), Jony (Diakate, 58. min), Juanan, Angel, Mourad (Jona, 66. min) eta Juli (Solves, 58. min).
2- Athletic Club: Ezkieta; Lekue, Nuñez, Yeray, Yuri; Berenguer (Dani Garcia, 66. min), Vesga, Unai Lopez (Williams, 66. min), Morcillo (Muniain, 46. min), Villalibre (Capa, 82. min) eta Sancet (Raul Garcia, 46. min).
Golak: 1-0: 39. min: Pablo Carbonell. 1-1, 53. min: Villalibre. 1-2, 78. min: Williams.
Epailea: Medie Jimenez. Txartel horiak atera dizkie Jony, Diakate eta Angel Lopez Alcoyanoko jokalariei, baita Vesga Athleticeko futbolariari ere.