Itxi

Athletic Club

20. JARDUNALDIA

Athleticek astindua eman dio Getaferi, galtzen jarri den arren oso goiz (5-1)

A. A | EITB MEDIA

Zuri-gorriek gola jaso dute lehen zatiko 18. segundoan, baina berehala berdindu dute, eta bigarren zatian goitik behera nagusitu dira.

0
Athletic – Getafe partidako laburpena eta gol guztiak

Athleticek 5-1 jipoitu du Getafe San Mamesen, Iker Munianen (bere taldearen lau goletan parte hartu du zelaian egon den bitartean) eta Raul Garciaren (zuri-gorrien lehen eta hirugarren golak sartu ditu) partida ikusgarri batean. Bilbotarrek irauli egin dute Cucurellak neurketaren 18. segundoan sartu duen gola, eta nagusi izan dira.

Aipatutakoak ez dira izan Athleticen nabarmendu beharreko jokalari bakarrak; izan ere, Unai Simonek penaltia gelditu dio Jaime Matari 1 eta 1eko emaitzarekin eta Yeray Alvarezek lehendabiziko gola sartu du elastiko zuri-gorriarekin. Etxekoen beste golegileak Alex Berenguer eta Oscar de Marcos izan dira. 
Hiru puntu horiekin, Bilboko taldea bederatzigarren tokian kokatu da sailkapenean, baina oraindik ere gertuago ditu jaitsierako postuak (sei puntura) Europakoak baino (zazpi puntura).

Neurketa zoro antzera hasi da. Gol bat egon da 18. segundorako; VARak esku hartu egin behar izan du 5. minutuan, Athleticen aldeko penalti bat balio gabe uzteko, eta berdinketaren gola 12. minutuan iritsi da.

Horren aurretik, lehen gola Yerayk gaizki urrundu duen baloi batean jaio da. Getafek baloia berreskuratu du, eta Kuboren, Mataren eta Aleñaren artean jokaldi ederra eratu dute, Cucurellak, Capari bizkarra hartuta, sare barrura bidali duena buruz.

Ez da kikildu Athletic, eta 5. minuturako Getaferen ahultasunak bilatzeari ekin dio, eta, hasiera batean, Yañez atezainarenak aurkitu dituela iruditu arren (lurrera bota du Williams area barruan, eta Cordero Vegak penaltia adierazi du), VARak epailearen erabakia zuzendu du, aurrelari zuri-gorria ukitu aurretik baloia jo baitu Yañezek.

Athleticek tematuta jarraitu du, eta markagailua orekatu du 12. minuturako. Muniainek erdiraketa ederra jarri du area barruan, eta Raul Garciak gol aparta lortu du boleaz.

Partidak zein Athleticek bizi-bizi jarraitu dute, eta 2-1ekoa lortzetik gertu izan dira etxekoak De Marcosen bi jokalditan. Lehendabizikoan, Guardiakoak area barrutik jotako burukada esku-eskura joan zaio atezainari; bigarrenean, berriz, De Marcos bera izan da erdiraketa pozoitsua egin duena area barruan, baina atzelariek arriskua aldendu dute baloia Williamsi iritsi aurretik.

Getafek ere ez du atzera egin. Hartara, madrildarren barneraldi batean, epaileak Nuñezen penaltia adierazi du, Portugaleteko atzelariak area barruan baloia eskuarekin jo duenean, Cucurellaren falta izan zitekeen jokaldi batean. Penalti jaurtiketan, baina, Unai Simonek erantzun ezin hobea eman dio Mataren ahaleginari, eta bisitariak berriro ere aurretik jar zitezela eragotzi du (29. minutua).

Ondoren, Athleticek norgehiagokaren agintea berreskuratu du, eta atsedenaldia baino lehen markagailuari buelta ematen saiatu da, Raul Garciaren burukada batekin eta Williamsen boleakadarekin.

Aitzitik, etxekoen gainerako golek bigarren zatira arte itxaron behar izan dute. 2-1ekoa Yerayk erdietsi du, Muniainek faltaz jarritako beste erdiraketa batean. Barakaldoko erdiko atzelariak atezainarentzako geldiezina izan den erremate bikaina jo du buruarekin.

3-1ekoa ere buruz sartutakoa izan da. Orduko horretan, Raul Garcia izan da golegilea ezker hegaletik Balenziagak erdiratutako baloia baliatuta. Zumarragako atzelariak zelaia utzi behar izan du handik gutxira, giharretako lesioak jota.

Athleticek ekinean segitu du, eta beste bi gol lortu ditu Berenger eta De Marcosen eskutik, Williamsek eta Villalibrek area barruan jarritako erdiraketa ezin zehatzagoen ostean.

Horrenbestez, Marcelino Garcia Toral entrenatzaile berria Bilboko taldera heldu zenean lehendabiziko neurketa galdu bazuten ere, horren ostean lau garaipen kateatu dituzte jarraian zuri-gorriek, Superkopa, Kopa eta Ligako neurketak kontua hartuta.

Fitxa teknikoa:

5 - Athletic: Unai Simón; Capa, Yeray, Unai Nuñez, Balenziaga (Lekue, 66. min); De Marcos, Vencedor (Vesga, 73. min), Dani García, Muniain (Unai López, 80. min); Williams (Villalibre, 80. min) y Raúl García (Berenguer, min. 73. min).

1 - Getafe: Yáñez; Damián, Djene, Etxeita, Nyom; Kubo (Mamor, 69. min), Arambarri (Patrick, 83. min), Maksimovic (Ángel, 56. min), Cucurella; Aleñá; y Mata (Portillo, 69. min).

Golak: 0-1, 1. min: Cucurella. 1-1, 12. min: Raúl García. 2-1, 50. min: Yeray. 3-1, 61. min; Raúl García. 4-1, 75. min: Berenguer. 5-1, 82. min: De Marcos.

Epailea: Adrián Cordero Vega. Txartel horiak: Nuñez, Raúl García, Dani García eta Vencedor (Athletc); Maksimovic, Mata, Etxeita eta Djene (Getafe).