Athletic Club
Hutsuneak
Yurik ez du Getaferen aurka jokatuko, bertigoak dituelako; Vicente bakartuta dago
A. A. | EITB MEDIA
Ezker hegalekoak ez du arratsaldeko entrenamenduan parte hartu. Iñigo Vicente, bere aldetik, "covid positibo baten" kontaktu estua izan da.
-
Yuri Berchiche Alavesen aurkako lehian. Artxiboko argazkia.
Yuri Berchiche ezin izango da aritu astelehen honetan Athleticek Getaferen aurka San Mamesen jokatuko duen partidan (21:00etan). Bilbo taldeak jakitera eman duenez, ezkerreko hegalekoak “bertigoak”ditu, eta, horren ondorioz, ez du parte hartu igande arratsaldeko entrenamenduan.
Horrez gain, Athleticek adierazi du Iñigo Vicente "taldearen dinamikatik kanpo" dagoela, covid-19 gaitza duen pertsona batekin “kontaktu estua izan duelako”.
Bi hutsune horiek Iñigo Martinezenari gaineratzen zaizkio. Izan ere, Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak prentsaurrekoan azaldu du Ondarroako atzelariak giharretako lesio txiki bat duela. Lesio horren eraginez, ezin izan zuen bukatu iragan igandeko Superkopako finala, eta ostegunean Eivissan Kopan esku hartzea galarazi zion.
Yuriren baja ezustekoa izan da, Marcelinok prentsaurrekoan azaldu baitu Getaferen aurkako neurketarako gertu egongo zela, Eivissaren kontra “normaltasunez” jokatu ostean.
Zarauzko atzelariak aspaldi gainditu zuen covid-19a; alabaina, ordutik zenbait osasun arazo izan ditu, eta hainbat aldiz utzi behar izan du zelaia partida amaitu aurretik.