Itxi

Athletic Club

11. jardunaldia

Athleticek puntu bat bereganatu du Getaferen etxean (1-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Villalibrek aurretik jarri ditu zuri-gorriak lehen zati on batean; alabaina, bigarren zatian, Garitanoren mutilek gehiago sufritu dute, eta Angelek markagailua orekatzea lortu du.

0
Getafe – Athletic partidako laburpena eta gol guztiak

Athleticek, joan den astean Betisi irabazi zioten gazteekin, 1-1 berdindu du Getaferen aurka partida orekatu batean;izan ere, talde bakoitza aurkaria baino gehiago izan da zati bakoitzean.

Horrela, Garitanok aurreko jardunaldiko hamaikako bera zelairatu du, eta berriro ere maila ona eman du. Batez ere, Vencedor eta Villalibre nabarmendu dira zuri-gorriena izan den lehen zatian.
Lehena, zelai erdiko jaun eta jabe egin da, eta funtsezkoa izan da bere taldeak hasierako 45 minutuetan etekina atera zezan. Bigarrena, defentsa madrildarra finkatzeaz arduratu da, eta, gainera, gola lortu du, defentsa lanetan zegoen Angelen laguntzarekin, Berenguerrek ateratako korner bat buruz errematatu eta gero.
Atsedenaldiaren ostean, Bordalasek Timor kendu eta Erick Cabaco uruguaitarra atera du eta Djene Dakonam togolarra zelaiaren erdian kokatu du. Hasi eta berehala, madrildarrek ordura arte izandako aukerarik onena aurkitu dute, areaz kanpotik Arambarrik Unai Simonen ezker zutoinera egindako jaurtiketa batekin. Getafek estu harty du tarte horretan Bilboko taldea, bee zelaitik atera ezinda ibili dena tarteka; aitzitik, Getafekoak ez dira beste abagune argirik sortzeko gai izan 76. minutura arte.

Une horretan, zelairatu berria zen Sancetek ez du asmatu bere taldekideei baloi bat ematen, eta Angelek ezin hobeto baliatu du etxekoen kontraerasoa area ertzetik gola erdiesteko.
Hortik aurrera ez da beste aukera aipagarririk egon, eta, azkenerako puntu banaketa egon da bi taldeen artean.

Fitxa teknikoa:

1 - Getafe: Soria; Damián (Nyom, 85. min), Djené, Chema, Olivera; Jaime Mata (Portillo, 75. min), Arambarri, Timor (Cabaco, 46. min), Cucurella; "Cucho" Hernández (Enes Ünal, 85. min) eta Ángel.

1 - Athletic: Unai Simón; Capa (De Marcos, 79. min), Yeray, Iñigo Martínez, Yuri (Balenziaga, 49. min); Vencedor, Vesga; Williams (Sancet, 72. min), Muniain (Raúl García, 72. min), Berenguer (Morcillo, 79. min) eta Villalibre.

Golak: 0-1, 9. min: Villalibre; 1-1, 76. min: Ángel.

Epailea: Melero López. Txartel horiak: Capa (14. min), Vesga (48. min) eta Morcillo (88. min), Athleticen partetik, eta "Cucho" Hernández (62. min), Cabaco (71. min) eta Bordalás (86. min), Getaferen partetik.