Athletic Club
8. jardunaldia
Garaipen baltsamikoa lortu du Athleticek, etxean partida iraulita (2-1)
Agentziak | Erredakzioa
Bilbotarrak Sevillari gailendu zaizkio Muniainek eta Sancetek bigarren zatian egindako golei esker. Sevilla En-Nesyriren bitartez aurreratu da partidako lehen minutuetan.
Iker Muniainek eta Ohian Sancetek partidako azken txanpan egindako golek garaipena eman diote Athletici Sevillaren aurka San Mamesen jokatutako neurketan (2-1). Andaluziarrak gol bateko aldearekin iritsi dira atsedenaldira, En-Nesyrik 9. minutuan sartutako golari esker.
Aurrelari marokoarrak bere altuera aprobetxatu du Lucas Ocamposek egindako erdiraketa penalti puntutik buruz errematatzeko Yerayri aurrea hartuta.
Julen Lopeteguiren taldea gehiago izan da partidako lehen orduan, baina Athletic fisikoki hobeto iritsi da azken 20 minutuetara eta denbora horretan emaitza iraultzea lortu du.
76. minutuan, Iker Muniainek banakoa egin du Mikel Vesgak ukitutako baloia bigarren zutoinetik errematatuz, Jon Morcillok ateratako korner batean. 86.ean, Sancet zelairatu berriak eskuineko hankarekin errematatu du Iñaki Williamsek egindako erdiraketa bikaina. Azkenean, 2-1 San Mamesen eta urrezko hiru puntu etxean geratu dira.
Fitxa teknikoa
2 - Athletic: Unai Simón; Capa, Yeray, Iñigo Martínez, Yuri; Dani García (Vesga, 67. min), Zarraga (Unai López, 54. min); Berenguer (Muniain, 67. min), Raúl García (Villalibre, 54. min), Morcillo (Sancet, 85. min); eta Williams.
1 - Sevilla: Bono; Navas, Koundé, Diego Carlos, Acuña; Fernando (Munir, 87. min), Jordán (Gudelj, 68. min), Rakitic (Óliver Torres, 68. min); Ocampos, En-Nesyri (Vázquez, 63. min) eta De Jong (Carlos Fernández, 87. min).
Golak: 0-1, 9. min En-Nesyri. 1-1, 76. min: Muniain. 2-1, 86. min: Sancet.