Itxi

Athletic Club

Fitxaketen merkatua

Athleticek Llorentekin hitz egin du merkatuaren azken orduetan

EITB.EUS

Aurrelari zuri-gorri ohia 9 denboraldiz aritu zen Bilboko lehen taldean, 333 partida jokatu eta 118 gol sartuz.

  • Fernando Llorente Tottenhameko elastikoarekin

    Fernando Llorente Tottenhameko elastikoarekin. Argazkia: EFE

Hainbat hedabidetan zabaldu denez eta ETBk baieztatu ahal izan duenez, Athleticeko kideren bat Fernando Llorente aurrelariarekin zein haren ordezkariarekin harremanetan jarri da astelehen honetako arratsaldeko lehen orduetan, bere etorkizunari buruzko nondik norakoak ezagutzeko.

Santander Ligako fitxaketen merkatua gauerdian itxiko da, eta klub zuri-gorritik bere jokalaria izandakoari hots egin diote Napolin duen egoerari buruz galdetzeko, nahiz eta joan zen larunbatean Gaizka Garitano bilbotarren entrenatzaileak baztertu egin zuen Berenguerren atzetik beste inor heltzea Bilbora.

Alabaina, Bilboko taldeak oso hasiera kaskarra eman dio denboraldiari, jokatutako lau neurketatik bakarra irabazi baitu, Eibarren aurkako derbia Ipuruan (1-2). Hain zuzen ere, lehia horretan sartu zituzten zuri-gorriek orain arteko gol bakarrak, gainerako hiru norgehiagoketan ez baitira arerioaren atea zulatzeko gai izan (Granada – Athletic, 2-0; Athletic – Cadiz, 0-1; Alaves – Athletic, 1-0).

Ondorioz, gol falta zein aukerak sortzeko zailtasunaren aurrean, Athleticek aztertu egin du Llorenteren balizko fitxaketa.