Itxi

Athletic Club

Urriaren 17an eta 20an

Athletic, Osasunaren eta Salzburgen aurka 72 ordu baino gutxiagoan

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Zuri-gorriek derbia jokatuko dute urriaren 17an, astelehenean, eta Europa Leagueko partida urriaren 20an, ostegunean. Astiazaranek Cope katean onartu zuen LFPk jartzen dituela datak eta ordutegiak.

  • Athleticek Osasunaren eta Salzburgen aurka jokatu du 72 ordu baino gutxiagoan. Argazkia: EFE

Espainiako Futbol Liga Profesionalak (LFP) zail jarri dizkio gauzak Athletic Club taldeari urrian egutegi kontuak kontutan hartuta. Zortzigarren jardunaldian Athleticek Osasunaren aurka jokatuko du San Mamesen urriaren 17an (astelehena) gaueko 21:00etan eta aste bereko ostegunean, urriaren 20an Salzburgen aurka jokatu beharko du Europa Leagueko partida (21:05ean). 72 ordu baino gutxiagoan bi norgehiagoka jokatu beharko dituzte.

Okerragoak dira agian urriaren azken astean zuri-gorriek izango dituzten partiden ordutegiak eta talde zuri-gorrian ez daude gustora LFPk erabakitakoarekin. Iragan asteartean LFPk BBVA Ligako 10. eta 11. jardunaldietako partiden datak eta ordutegiak jakitera eman zituen. Urriaren 27an Atletico Madrilen aurka jokatuko Athleticek San Mamesen 22:00etan eta urriaren 30ean (igandea) Sportingen aurka jokatuko du Molinonen 12:00etan. Atletico Madrilen aurka jokatu beharreko partida amaitzetik (23:55ak inguru) Sportingen aurkako partida hasi arte 60 ordu besterik ez dira pasako. Gainera, Sportingen aurkako norgehiagokak bidaia egin beharra ere badauka oztopo bezala.

Astebarruko eguna, egun deserosoa eta ordutegia ere hala moduzkoa, baina astelehenetan partidak jartzea erabaki zuen Ligak eta puntu honetara arte dena zuzen. Baina txarrena ez da astelehenean jokatzea, baizik derbi horren ostean urriaren 20an (osteguna) Athleticek Salzburgen aurka jokatu behar duela Europa Leagueko partida. Zuri-gorriek bi partida jokatuko dituzte 72 ordu baino gutxiagoan.

Asteartean bertan Jose Luis Astiazaran LFPko presidenteari elkarrizketa egin zioten Cope kateko 'El partido de las 12' saioan. Bertan, Astiazarani Athleticen kasuagatik galdetu zioten. Astiazaranek aitortu zuen LFPk erabakitzen dituela ordutegiak eta datak.

Elkarrizketa horretan Juanma Castaño kazetariak honako galdera egin zion: ¿Athletic-Osasuna partida, derbia, astelehenean urriaren 17an gaueko 21:00etan. Zuk erabaki duzu partida honen data eta ordutegia? Astiazaranek 'bai' erantzun zuen birritan pentsatu gabe.

Castañok beste galdera bat ere egin zion ildo berean: Zuzena eta egokia iruditzen zaizu derbiaren gainean hartutako erabakia Athleticek aste bereko ostegunean Europa Leaguea jokatu behar duenean, derbia denean eta kanpotik San Mamesera zale ugari etorri ahal zirenean?

Jose Luis Astiazaranek baloiak kanpora bota zituen hau erantzunda: "Ordutegien konfigurazioa oso konplezua da".

Bakoitzak bere ondorioak atera ditzala, baina kontua da Athleticek oso denbora gutxi izango duela partida batetik bestera. San Mameseko berdegunea ostegunean egoera onenean ez egotea ekar dezake eta bai talde bateko zein besteko zale asko kaltetuak suertatu direla data eta ordutegiagatik.