Athletic Club
KORONABIRUSA
Positibo eman zuten Athleticeko sei jokalariek konfinatuta jarraitzen dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Egindako PCR berriek emaitza positiboak eman dituzte berriz ere; ondorioz, euren etxeetan segitzen dute bakartuta.
-
Athleticeko kideak Lezaman entrenatzen. Artxiboko argazkia: EFE
Iragan abuztuaren 13an denboraldi-aurrea hasi aurreko PCR testetan koronabirusean positibo eman zuten Athleticeko sei jokalariek (Iñaki Williams, Unai Lopez, Unai Nuñez, Iñigo Cordoba, Oihan Sancet eta Gaizka Larrazabal) euren etxeetan jarraitzen dute isolatuta, Bilboko taldeak asteartean jakinarazi zuenez.
Sei jokalari horiek "bakarkako lanarekin jarraituko dute euren etxeetan" egindako azken PCR probetako emaitzek "Lezaman sartzea galarazi dietelako".
Kasu horietarako ezarrita dagoen protokoloaren arabera, lehenengo proban positibo eman ondoren, kirolariek negatibo eman behar dute bi testetan, gainerako taldekideekin entrenatzen hasi aurretik.
Aipatutakoez gain, Athleticek zabaldutako oharrean beste bost jokalarik ere arazoak dituztela azaltzen du.
Hala, Iñigo Martinez eta Mikel Vesgak hobera egin dute euren giharretako lesioetatik, eta hala jarraituz gero, "litekeena da aste honen amaieran edo hurrengoaren hasieran taldean sartzea".
Bestalde, Yuri Berchiche eta Peru Nolaskoain "ezarritako berregokitze plana betetzen ari dira", eta datozen egunetan nola ikusiko da nola ari diren erantzuten. Ezker hegalekoak pubalgia dauka eta erdilaria eskuineko orkatilan bihurritua zuela itzuli zen Deportivon utzita aritu ostean.
Azkenik, Ibai Gomez “ariketa eta jarduera mugatuak egiten hasi da”, eskuineko lepauztaiaren haustura sendatzeko.