Itxi

Athletic Club

Kontratu luzatzea

Unai Simonek 2025era arte luzatu du kontratua Athleticekin

EITB.EUS

Atezain arabarrak ez du etete-klausularik izango.

  • Aitor Elizegi (ezkerrean) eta Unai Simón (eskuinean).

    Gasteizko atezainak ez du etete-klausularik izango. Argazkia: @AthleticClub

Unai Simon atezainak 2025era arte luzatu du Athleticekin zuen kontratua, Espainiako selekzio nagusiaren lehendabiziko deialdia jaso duen egunean, baita talde zuri-gorrien lehen taldearekin debuta egin zuenetik bi urte bete diren egunean ere.

Bilboko klubak jakitera eman duenez, bi aldeek lortutako akordioak bi urte luzatzen du orain arte 2023ra arte irauten zuen lotura. Gainera, hitzarmen berrian etete-klausularik ez egotea adostu dute.

Simonek 23 urte ditu, eta Luis Enrique Espainiako hautatzaileak ostegun honetan jakitera eman duen deialdiko berritasunetako bat izan da (Espainiak irailean Nazioen Ligako partidak jokatuko ditu Alemaniaren eta Suitzaren aurka).

Entrenatzaile asturiarrak Murgiako atezainaren denboraldi bikaina kontuan hartu du, iragan denboraldian talde zuri-gorriko jokalari garrantzitsuenetako bat izan baitzen. Hala, Zamora sarian hirugarren izan zen Thibaut Courtoisen (Real Madril) eta Jan Oblaken (Atletico Madril) atzetik.

Kadete mailatik Lezaman hezia, Eduardo Berizzoren aginduetara egin zuen debuta 2018ko abuztuaren 20an, Leganesen aurkako partidan.

Hiru aste lehenago Simon Elxera joan zen Athleticetik, bertan utzita jokatzera. Alabaina, Kepa Arrizabalagak Chelsea joan zen eta Iago Herrerinek min hartu zuen. Horren aurrean, Athleticek Simon berreskuratu zuen, eta Alex Remiroren ordezkoa izan behar zuela zirudienean titular gisa aritu zen lehen jardunaldi horretan, Athleticek Remirok ez jokatzea erabaki baitzuen, zuri-gorriekin zuen kontratua berritzeari uko egin ziolako.

Simonek lehen zazpi jardunaldiak jokatu zituen. Herrerin behin osatuta, ordezko gisa aritu zen, baina Kopako kanporaketak jokatu zituen Huescaren eta Sevillaren aurka, Gaizka Garitano aulkian zela. Gerora, joan zen denboraldian, bera izan da Athleticeko atezain nagusia.