Itxi

Athletic Club

Lesioa

Ibai Gomezek eskuineko lepauztaia hautsi du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Athleticek asteazken honetan Lezaman egin duen entrenamenduan lesionatu da jokalari zuri-gorria.

  • Ibai Gomez, prentsaurreko batean.

    Ibai Gomez, prentsaurreko batean. Artxiboko argazkia

Ibai Gomez Athleticeko jokalariak eskuin lepauztaia hautsi du Athleticek asteazken honetan Lezaman egin duen entrenamenduan, Bilboko taldeak baieztatu duenez.

Osasun-probak medikuak egin ostean, immobilizatu egin diote kaltetutako zonaldea erasoko hegaleko bilbotarrari, eta lesioa tratatzeko "aukera terapeutiko egokiak" aztertzen dabiltza

Ibairena ez da Gaizka Garitanok denboraldi-aurre honetan izan duen albiste txar bakarra. Izan ere, Iñigo Martinez, Yuri Berchiche eta Peru Nolaskoain ere min hartuta daude.

Hala, Ondarroako atzelariak giharretako lesio arina jasan zuen asteartean. Ezker hegaleko atzelariak, bestalde, aurreko denboraldiaren amaieratik duen pubalgia aztertzeko plangintza espezifikoarekin jarraitzen du. Azkenik, erdilari gaztea eskuin orkatilan izandako bihurritua osatzen ari da, Deportivon emandako egonaldiko azken egunetan pairatu zuena.

Aipatutakoez gain, Iñaki Williams, Oihan Sancet, Unai Lopez, Unai Nuñez, Iñigo Lekue eta Gaizka Larrazabal ere ez dira egun hauetan Lezaman arituko, iragan ostegunean denboraldi-aurrea hasi aurreko PCR testetan positibo eman ostean.

Aurreikuspenen arabera, guztiek beste PCR test bat egingo dute aste honen amaieran, lehenengoa baino hamar egun geroago. Negatibo emanez gero, beste test bat egingo zaie "hiru egunera", eta bi emaitza negatibo dituztenean, gainerako taldekideekin bat egingo dute.