Itxi

Athletic Club

Lau jardunaldi jokatuta

Athleticek azken 31 urteetako denboraldi hasiera txarrena berdindu du

Erredakzioa

Orain bederatzi urte Heynckeskin Realaren eta Barçaren aurka galdu zuten, Sevillarekin berdindu eta Mallorcarekin berriro galdu. Hasiera txarrena 1979-1980 denboraldian izan zuten zuri-gorriek.

  • Fernando Llorente Malagaren aurka gol aukera bat huts egin ondoren. Argazkia: EFE

Athletic Clubek Malagaren aurka galdu zuen 1-0 Rosaledan eta ondorioz, azken 31 urteetako denboraldi hasiera txarrena berdindu du lau jardunaldiren ostean. 2003-2004. urtean ere puntu bakarra bildu zuen Athleticek lehen lau jardunaldietan.

Malagaren aurkako porrotari, Espanyolen aurkakoa (2-1) eta Betisen aurkakoa (2-3) batzen zaizkio. San Mamesen Rayo Vallecanoren aurka (1-1) lortutako puntua bakarrik dute zuri-gorriek.

Orain bederatzi urte Jupp Heynckesek zuzentzen zuen taldea eta orduan ere puntu bakarra eskuratu zuten lehen lau jardunaldietan. Realaren aurka 4-2 galdu zuten lehen partida, Bartzelonaren aurka 0-2 bigarren jardunaldian, 1-1 berdindu zuen Sevillaren aurka Sanchez Pizjuanen hirugarren jardunaldian eta laugarrenean etxean Mallorcaren aurka porrot egin zuen (0-2).

Bosgarren jardunaldian lortu zuen Heynckesen taldeak denboraldiko lehen garaipena. Recreativoren aurka irabazi zuten Nuevo Colombinon 1-2ko emaitzarekin.

Denboraldi hasiera txarrena 1979-1980. urtean izan zuen talde zuri-gorriak. Lehen lau jardunaldietan ez zuen puntu bakar bat ere eskuratu. Helmut Senekowitch zen garai hartan entrenatzaile eta lau porrot batu zituen lehen lau partidetan: Salamancaren (2-1), Realaren (0-1), Herculesen (2-1) eta Sportingen (2-3) aurkako partidak galdu zituen Athleticek. Denboraldi hartako lehen puntua bosgarren jardunaldian eskuratu zuten Burgosen aurka Plantion berdindu ostean.