Itxi

Athletic Club

Rosaledan

Malaga-Athletic (1-0): Zuri-gorriek burumakur jarraitzen dute

Erredakzioa

Bielsaren mutilek asko sufritu dute talde andaluziarraren erasoa gelditzeko eta Santi Cazorlak 61. minutuan lortu du garaipenaren gola falta jaurtiketa zuzena sare barrura bidalita.

  • Malaga-Athletic. Argazkia: EFE

    Malaga-Athletic. Argazkia: EFE

Bilboko taldeak Ligan garaipena ezagutu gabe jarraitzen du Rosaledan 1-0 galdu eta gero. Athleticek Malagaren erasoa gelditzeko arazo larriak izan ditu eta Cazorlak 1-0eko erabakigarria jarri du markagailuan 61. minutuan. Zuri-gorriak markagailua iraultzen saiatu dira, baina ezin izan dituzte gol aukerak gauzatu.

Malagak baloiaren jabetza kontrolatu nahi izan du hasieratik eta Bilboko taldea ezustean hartzen saiatu dira andaluziarrak. Zuri-urdinek erasoan sakatu egin dute hegaleko jokalariei esker eta Eliseuk gola lortzeko bi aukera argi izan ditu. 7. minutuan ezker hegalariak gora bidali du jaurtiketa eta 15. minutuan ezin izan du Iraizoz buruz burukoan gainditu. Pellegriniren mutilen abagunerik argiena Baptistak izan du falta jaurtiketa batean, baina brasildarrak langara bidali du baloia lehen zatiko 19. minutuan.

Bizkaitarrek baloiaren jabetza bereganatu egin dute pixkanaka eta Iker Muniainek zuri-gorrien lehen aukera argia izan du 28. minutuan. Hala ere jokalari nafarraren jaurtiketa kanpora joan da desbideratuta. Bielsaren mutilek beste abagune argi bat izan dute Susaetak jaurtitako falta jaurtiketan, baina eibartarraren zartakoz jotako baloia Caballerok desbideratu du. Atsedenaldia heldu baino lehen Athletic nagusi izan da eta Malagak lerroak atzeratu egin behar izan ditu.

Bigarren zatian Andaluziako taldeak erasoan sakatzen jarraitu du eta defentsa zuri-gorriak arazoak izan ditu tokia mantentzeko. Atsedenalriaren osteko aurreneko abagunea Joaquinek izan du, baina Malagako jokalariaren jaurtiketa kanpora joan da desbideratuta. 61. minutuan Cazorlak 1-0ekoa jarri du markagailuan. Asturiaseko jokalariak ederki jaurti du falta hesia gaindituta eta Iraizozek ezin izan du baloia gelditu.

Igor Martinez lesionatu egin da 1-0ekoaren ondoren eta bere ordez Bielsak Gaizka Toquero zelairatu du. Jokalari gasteiztarrak aukera bikaina izan du 71. minutuan, baina bere errematea ederki desbideratu du Willy Caballero atezainak. Eliseuk 2-0ekoa jartzeko abagune ona izan du, baina atea hutsik egon arren, jokalari zuri-urdinak ezin izan du baloia sare barrura bidali. 86. minutuan De Marcosek berdinketa lortzeko aukera izan du, baina jokalari arabarraren jaurtiketa langa gainetik kanpora joan da. Azkenean hiru puntuak Pellegriniren mutilentzat izan dira.

- Fitxa teknikoa:

1 - Malaga CF: Caballero; Gamez, Mathijsen, Demichelis, Eliseu; Joaquin (Sebastian Fernandez, 87. minutuan), Toulalan, Duda (Maresca, 79. minutuan), Cazorla; Baptista eta Van Nistelrooy (Rondón, 63. minutuan).

0 - Athletic: Iraizoz; Gurpegui, Javi Martinez, Ekiza; Iraola, Iturraspe (David Lopez, 65. minutuan), De Marcos, Muniain; Gabilondo, Llorente eta Susaeta (Igor Martinez, 57. minutuan) (Toquero, 71. minutuan).

Gola: 1-0, 61. minutuan: Cazorla.