Itxi

Athletic Club

0-1

Athleticek porrota jaso du Real Madrilen aurka partida ona jokatu duen arren

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak partida ona jokatu du. Dani Garciak penaltia egin du 70. minutuan, eta Sergio Ramosek sartu duen golak eman dio garaipena Ligako liderrari.

  • Raul Garcia, Militao eta Courtois

    Courtoisek Raul Garciaren errematea desbideratzen duen momentua. Argazkia: EFE

Athleticek porrota jaso du Real Madrilen aurka (0-1) San Mamesen jokatu duen Ligako 34. Jardunaldiko partidan. Ondorioz, talde zuri-gorriari zaildu egiten zaio Europara sailkatzeko helburua.

Real Madrilek hobeto ekin dio norgehiagokari, eta lehen abagunea izan du 4. minutuan, Asensiok jaurti eta Unai Simon atezainak desbideratu duen jaurtiketa baten bidez; aldaratzea Carvajalek jaso du, baina jokalari madrildarraren erdiraketa ez da ona izan. Athleticen erantzuna bi minutu beranduago heldu da, Williamsek Courtoisekin izan duen buruz burukoan, baina aurrelari zuri-gorriak ez du asmatu, eta jokaldia baliogabetuta egon da, jokoz kanpoko posizioagatik.

Ondoren, Real Madril izan da baloiaren jabe, abagune argirik sortu gabe, eta Athletici asko kosta zaio zelai erditik pasatzea. Zidanek zuzentzen duen taldeak izan du aurrea hartzeko aukera 22. minutuan, baina Rodrygoren errematea kanpora joan da oso gutxigatik. Ia jarraian erantzun du talde zuri-gorriak, gutxigatik kanpora joan den Williamsen jaurtiketa batekin. Neurketako 26. minutuan, Yerayk zelaia utzi behar izan du min hartuta, eta Unai Nuñezek ordezkatu du. Ura edateko hutsartearen ostean, Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak ordura arteko abagune onena izan du; Williamsen errematea loratua, ordea, langa gainetik kanpora joan da. Atsedenaldira iritsi aurretik, 45. minutuan, Asensiok erdiraketa ona egin eta Benzemaren errematea kanpora joan da, oso gutxigatik.

Bigarren zatiari erasokor ekin dio Real Madrilek. Hasi eta lasterrean, Unai Simonek Modricen jaurtiketa gelditu du. Neurketako  49. minutuan, Benzemak baloia kontrolatu du area barruan, baina ez dio jokaldiari amaiera ona eman. Athleticen erantzuna kontraeraso baten bidez etorri da, baina Raul Garciaren erdiraketa Courtois atezainak harrapatu du, Williamsen errematerako aukera ezerezean utziz.

Hasierako erritmo biziaren ostean, norgehiagokaren erritmoa moteldu egin da, eta parekotasuna izan da nagusi, baina 70. minutuan Dani Garciak penaltia egin dio Marcelori, eta Sergio Ramosek 0-1ekoa sartu du, penalti jaurtiketaren bidez Unai Simon atezaina gaindituta. Penalti argia egin du Athleticeko jokalariak, berandu iritsi baita jokaldia moztera, eta falta egin du area barruan.

Azken txanpan, Athletic erasora jotzen saiatu da, eta neurketa ireki egin da. De Marcosek abagune bikaina izan du 85. minutuan, baina oso gaizki jaurti du, eta ez du aukera baliatu. Ondoren, Real Madrilek izan du partida guztiz erabakita uzteko, baina Unai Simonek eragotzi du, Benzemaren errematea hankarekin desbideratuta. Amaieran, Athleticen porrota (0-1).

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic: Unai Simon; Capa, Yeray (Unai Nuñez, 21. min), Iñigo Martinez, Yuri; Dani García (Sancet, 78. min), Unai Lopez (Vesga, 63. min); Muniain, Raul Garcia, Cordoba (De Marcos, 63. min); eta Williams (Villalibre, 78. min).

1 - Real Madril: Courtois; Carvajal, Militao, Sergio Ramos, Marcelo; Casemiro, Valverde (Kroos, 85. min), Modric; Asensio (Lucas Vazquez, 74. min), Rodrygo (Vinicius, 74. min) eta Benzema (Jovic, 93. min).

Golak: 0-1, 73. min: Sergio Ramos, penaltiz.

Epailea: Jose Luis Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak atera dizkie Raul Garcia (39. min), Dani Garcia (73. min), Muniain (95. min) eta Yuri (96. min) Athleticeko jokalariei, baita Sergio Ramos (91. min), Casemiro (93. min) eta Carvajal (96. min) Real Madrileko futbolariei.

VAReko epailea: Jesus Gil Manzano.