Itxi

Athletic Club

3-1

Athleticek Mallorcari irabazi dio eta Europarako postuetara gerturatu da

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak 3-1eko emaitzarekin lortu du garaipena San Mamesen. Raul Garcia, Sancet eta Villalibre izan dira Athleticeko golegileak; Budimirrek sartu du Mallorcaren gola.

  • Athletic Club

    Athleticeko jokalariak Sancetek Mallorcari sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek garaipena lortu du Mallorcaren aurka (3-1) San Mamesen Ligako 32. jardunaldiko partidan eta talde zuri-gorria Europarako postuetara gerturatu da. Bestalde, Mallorcak gero eta zailago du mailari eusteko helburua lortzea.

Neurketaren hasiera bizia izan da, nahiz eta bi taldeetako batek ere ez duen abagune argirik sortu. Pixkanaka, Athletic nagusi izaten hasi da, eta 14. minutuan epaileak zuri-gorrien aldeko penaltia adierazi du, Lago Juniorrek Raul Garciari area barruan egin dion faltagatik. Raul Garciak sartu du 1-0ekoa, penaltia maisuki jaurtita.

Golak indartu egin du Athletic, eta talde bizkaitarra nagusi izan da, abaguneak sortzea kosta egin zaion arren. Norgehiagokako 24. minutuan, Unai Lopezek kornerra motzean atera du, Williamsek Lopezi bueltatu dio baloia, honek arean jarri, eta Sancetek 2-0koa sartu du erremate ona eginda.

Bigarren gola sartu ostean, kontrolpean izan du neurketa Athleticek. Mallorcak aukera bakarra izan du lehen zatian, baina Dani Rodriguezen jaurtiketa kanpora Joan da Yerayrengan jo ostean.

Atsedenaldiaren ostean, Mallorca erasora jotzen saiatu da, baina Athletic ez du estutasunetan jarri. Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldea atzean sartuta egon da, eta ez da gehiegi sufritzen ibili, baina 69. minutuan Yurik penalti inozoa egin dio Trajkovski, eta Budimirrek 2-1ekoa sartu du, hamaika metroetatik Unai Simon atezaina gaindituta.

Mallorcaren golak ez du Athletic urduri jarri, nahiz eta 79. minutuan talde bisitariak gertu izan duen berdinketa; Dani Rodriguezen jaurtiketa, ordea, gutxigatik kanpora joan da. Ondoren, talde zuri-gorriak izan ditu abagune onenak. Villalibreren errematea kanpora joan da 85. Minutuan, baina, 90. minutuan Villalibrek ez du huts egin eta 3-1ekoa sartu du; Athleticeko aurrelariak sare barrura bidali du baloia Vesgaren pase bikaina jaso ostean.

Amaieran, Athleticek garaipen garrantzitsua lortu du San Mamesen eta Europari begira jarri da.

Fitxa teknikoa:

3 - Athletic Club: Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez (Vesga, 8. min4); Williams (Villalibre, 75. min), Sancet (De Marcos, 75. min), Muniain (Cordoba, 62. min); eta Raul Garcia (Kodro, 84. min).

1 - RCD Mallorca: Reina; Valjent (Fran Gamez, 86. min), Raíllo, Sedlar; Pozo, Baba (Budimir, 46. min), Salva Sevilla, Dani Rodriguez, Lago Junior (Trajkovski, 58. min); Take Kubo eta "Cucho" Hernandez (Abdon Prats, 68. min).

Golak: 1-0, 16. min: Raul Garcia, penaltiz. 2-0, 24. min: Sancet. 2-1, 70. min: Budimir, penaltiz. 3-1, 90. min: Villalibre.

Epailea: Pablo Gonzalez Fuertes. Txartel horiak atera dizkie Raul Garcia (75. min) Athleticeko futbolariari, baita Budimir (66. min) eta Raíllo (81. min) Mallorcako jokalariei.

VAReko epailea: Cesar Soto Grado.