Athletic Club
40 urte ditu
Gimbertek urte bete gehiago jarraituko du Atheticen
eitb.eus
Bergarakoak, profesionaltasunaren eredu, zortzigarren denboraldia beteko du zuri-gorrien atzealdean.
-
Gimbert
Athletic Clubek eta Vanesa Gimbertek lortutako akordioaren arabera, atzelari zuri-gorriaren kontratua beste denboraldi baterako luzatu da.
Gimbertek, 40 urte bete berri dituena, lehoi izaten jarraituko du 2021eko ekainera arte, eta beraz, Primera Iberdrolako jokalari beteranoena izaten jarraituko du. Bergarakoak, profesionaltasunaren eredu, zortzigarren denboraldia beteko du zuri-gorrien atzealdean.
Kapitainak 200 partidako marka gainditu zuen urtarrilean eta duela gutxi egindako prentsaurreko birtual batean Athletic Club bere azken kluba izango dela aitortu zuen: “Oso pozik nago hemen eta zazpi urte dira jada. Iñigo Juaristik denbora asko zeraman nire atzetik eta azkenean urte horretan baiezkoa eman nion eta oso pozik nago. Ez dakit lehenago etorri behar nuen ala ez, baina oso pozik bere garaian hartutako erabakiarekin eta hementxe erretiroa hartuko dudala argi dago”.
Bere ibilbide ezin hobea beste urtebetez luzatuko duela erabaki ondoren, gogotsu eta ilusioz agertu da lehoi beteranoa: “Jasan dugun konfinamendu honek burua geldiarazi dit eta bihotza askarazi. Maila gorenean bi hamarkada eman ondoren, lehen eguneko gogo eta ilusio berberari eusten diot, eta taldeari laguntzen jarrai dezakedala uste dut. Agurra iritsiko da, baina ez da gaur izango. Harro egoteko modukoa izango da kamiseta hau defendatzen jarraitzea”.