Itxi

Athletic Club

Primera Iberdrola

Damarisek ez duela Athleticen jarraituko iragarri du

Erredakzioa

Ohar baten bidez agurtu da. "Kontzientzia lasai dudala noa. Nire bizitzan etapa berri bati hasiera emateko prest nago", adierazi du.

  • Damaris Egurrola

    Damaris Egurrola, San Mamesen, Athletic Club - CD Tacon partidan. Argazkia: EFE

Damaris Egurrolak Athleticen ez duela jarraituko iragarri du ohar baten bidez. "Kontzientzia lasai dudala eta azken egunera arte daukadan guztia eman dudala jakinda noa. Nire bizitzan etapa berri bati hasiera emateko prest nago", adierazi du.

"Azken bost urteetan niretzat dena izan den klubari agur esatea tokatzen zait. Beti amestu ditudan erronka berriei aurre egiteko ordua iritsi dela uste dut, eta ilusioz gainezka egin nahi diet aurre erronka horiei. Ulertzen dut era guztietako iritziak egongo direla, horregatik errespetua eskatzen dut, erabakia hartzea ez baita erreza izan, eta ez delako nahi genuen bezala eman", azaldu du 20 urteko jokalariak.

Agur oharrean, oroitzapenez ere hitz egin du: "Ordu asko pasa ditut Lezaman, hainbat esperientzia eta partida ahaztezin. Gogoan ditut bigarren taldearekin jokatutako partidak, nire debuta Primera Iberdrola Ligan edota San Mamesen jokatzea".

Damarisek eskerrak eman nahi izan dizkie klubeko langile guztiei, baita taldekideei ere: "Hemen lan egin duen jende guztiari eskerrak eman behar dizkiot. Futboletik at lagunak egin ahal izan ditut, bizitza guztirako lagunak".