Athletic Club
2020
Athleticek Ryan Giggsen eta Wunderlichen kirol-ibilbideak saritu ditu
eitb.eus
One Club Man Award eta One Club Woman Award sariak Ryan Giggs galestarrari eta Pia Wunderlich alemaniarrari ematea erabaki du talde zuri-gorriak.
Athletic Clubek aurtengo One Club Man Award eta One Club Woman Award sariak Ryan Giggs galestarrari eta Pia Wunderlich alemaniarrari ematea erabaki du. Batak Manchester Uniteden (24 denboraldi) eta besteak 1.FFC Frankfurten (16 denboraldi) egindako ibilbide profesional bikainak aitortu nahi izan ditu talde zuri-gorriak. Mundu mailako bi futbolariri buruz ari gara, euren koloreekiko leialtasun hautsiezina erakutsi dutenak.
Giggsek 963 partida jokatu ditu deabru gorriekin, bi aldiz zapaldu du San Mames zaharra, Galesekin gol bat sartuz, eta Unitedekin Europa Ligako kanporaketa ahaztezinean, Marcelo Bielsak zuzendutako lehoiek talde britainiarra kanporatu zutenean. Lehen pertsonan bizi izan zuen gure zaleen dotorezia: aho batez txalotu zuten 68. minutuan ordezkatua izan zenean.
Wunderlich itzal handikoa da 1.FFC Frankfurten. Talde honekin hiru UEFA Women’s League irabazi zituen, taldekako txapelketa nagusia. Gainera, 102 aldiz jokatu zuen nazioartean Alemaniarekin, eta selekzio honekin Munduko txapeldun geratu zen (2003an Malin Möstromen Suediaren aurka, gure lehen OCWA) eta domina olinpikoa ere lortu zuen. Oso maila handiko erdilaria izan zen.
Saridunek pozik hartu dute Athletic Clubek haiek saritzeko hartutako erabakia, eta sari-banaketa San Mamesen egingo da, partida desberdinetan, osasun agintariek ikusleak harmailetara berriro sartzen uzten dutenean.