Itxi

kirolak

UEFA Europa League

Athletic-Trabzonspor, (0-0): Zuri-gorriek gehiegi barkatu dute

A.B.

Erredakzioa

Talde bizkaitarra nagusi izan da eta gol aukera ugari izan ditu, baina ezin izan dute turkiarren atea zulatu. Trabzonsporrek jokalari bat gutxiagorekin jokatu du zazpigarren minututik.

211
Athletic-Trabzonspor

Athleticek ezin izan du garaipena lortu San Mamesen Trabzonsporren aurka jokatu duen UEFA Europa Leagueko play-offetako joaneko partidan. Norgehiagoka 0-0eko emaitzarekin bukatu da.

Partida hasiera ona egin zuten Bielsaren mutilek. Bizi atera ziren eta arriskua sortzen hasi ziren aurkariaren ate inguruan. Zazpigarren minutuan Trabzonspor jokalari bat gutxiagorekin geratu zen. Muniainek baloia lapurtu zion Yilmazi eta honek ostikoa eman zion ondoren. Epaileak jokaldia ikusi eta txartel gorria atera zion.

Aurkaria hamar jokalarirekin geratu ostean Athleticek jarraitu zuen partidako jaun eta jabe izaten, baina gol aukera argiegirik sortu gabe. 25. minututik aurrera izamn zituen aukera onak Athleticek. Iturraspe eta Gabilondo saiatu ziren areaz kanpoko jaurtiketa banarekin, baina ez zuten asmatu. Llorentek ere jaurtiketa ona atera zuen handik minutu gutxira, baina baloiak sarearen hegalean jo zuen kanpoko aldetik. Llorentek berak burukada on bat atera zuen azken minutuetan eta zutoina urratuz kanpora joan zen. Trabzonsporrek ez zuen ezer egin lehen zatian zehar, baina azken minutuan baloi luze bat area ingurura bidali eta Iraizozek area kanpora irten behar izan zuen baloia aldendu eta turkiarren gola eragozteko. Horrenbestez, golik gabe bukatu zen lehen zatia (0-0).

Athletic erasora atera zen bigarren zatiaren hasieran eta bere ahala abisua eman zioten talde turkiarrari Gurpegiren burukada batekin. 48. minutuan aukera paregabea huts egin zuen Susaetak. Bigarren zutoinean errematea egin eta atezainak nola edo ahala baloia desbideratzea lortu zuen. Ondoren, Trabzonsporrek ezustean gol aukera bikaina izan zuen. Antiltopek area kanpotik jaurtiketa egin eta Iraizozek errematea desbideratu zuen, baina Alazinhok hartu zuen baloia eta zortez kanpora bidali zuen jaurtiketa. 53. minutuan. Ordea, barkatu zuena berriro Athletic izan zen. Llorenetek atepean buruz eginiko errematea langa gainetik kanpora joan zen.

Lehen minutu ero hauen ostean, bi taldeek erritmoa murriztu zuten minutu batzutan zehar. Arnasa apur bat hartu ondoren turkiarrek beste gol aukera bat izan zuten. 69. minutuan Pablo Enrique bakarrik geratu zen Iraizozen aurrean eta gora bidali zuen bere errematea. Jarraian, Llorentek erdi-txilenaz errematea egin eta atezainak gelditu paregabea egin zuen.

Azken minutuetan Athletic zen nagusi ia partida guztian zehar bezala, baina ez zen gola iristen. Gurpegik beste aukera on bat izan zuen 83. minutuan. Erdilaria area barruan sartu zen atea aurrean jaurti eta gora joan zitzaion baloia. Azken minutuan Toqueroren burukada zutoina urratuz kanpora joan da eta horrenbestez 0-0eko emaitzaren amaitu da partida. Kanporaketa datorren ostegunean Turkian erabakiko da.

Fitxa teknikoa:

0.- Athletic Club: Iraizoz; Gurpegui, San Jose, Amorebieta, De Marcos (Aurtenetxe, min.52); Javi Martinez; Muniain, Iturraspe (Toquero, min.46), Herrera, Gabilondo (Susaeta, min.46); eta Llorente.

0.- Trabzonspor AS: Tolga; Celustka, Glowacki, Kaçar, Yumlu (Akgün, min.67); Colman, Balci; Paulo Henrique (Badur, min.86), Yilmaz, Alanziho (Atas, min.91); eta Altintop.

Epailea: Gabriele Orsato (Italia).