Itxi

Athletic Club

IGANDEAN, 14:00ETAN

Athleticek Vila-reali irabazi eta indarrak hartu nahi ditu Koparako

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zuri-gorriek lau porrot daramatzate jarraian, eta, hartara, garaipena lortzen saiatuko dira, Granadaren aurkako Kopako itzuliko partidari begira sentsazio positiboak eskuratzeko.

  • Capa, Vila-realen aurkako lehen itzuliko neurketan.

    Capa, Vila-realen aurkako lehen itzuliko neurketan. Argazkia: EFE.

Ligan bolada txarrean murgilduta dagoen Athleticek (hamar partida darama irabazi gabe, eta azken lauretan galdu egin du) garaipena du jomuga bakarra igande honetan Vila-realen aurka San Mamesen jokatu behar duen neurketarako. Horrela, bide batez, animoak berreskuratu nahi ditu ostegunean Granadaren kontrako Kopako itzulerako norgehiagokari begira.

Talde zuri-gorriak asko egin du behera sailkapenean, hamaikagarren postuan kokatu arte, eta Europako zein jaitsierako postuak distantzia berera ditu (9 puntura) azken 30 puntuetatik 5 bakarrik eskuratu ostean.

Hori dela eta, Gaizka Garitano etxeko entrenatzaileak zalantza izan dezake Vila-reali aurre egiteko bere talde titularra erabili edota, ordea, hainbat jokalari erreserbatu, Los Carmenesera egingo duen bisitan pentsatuta.

Horrez gain, ikusteke dago ea Derioko entrenatzaileak hiru erdiko atzelariz osatutako sistemari eutsiko dion ala ez; izan ere, sentsazioak ez dira txarrak izan berarekin, baina oraindik ez du Ligan irabazi sistema horrekin.

Azkenik, baliteke Garitanok probak egitea zelai-erdian, Dani Garcia zigortuta baitako Kopako kanporaketarako, eta bilbotarren entrenatzaileak Mikel San Jose edo Unai Lopez zelaira ditzake, edota biak aldi berean, Mikel Vesga aulkian utzita. Unai Vencedorren aukera printzipioz baztertuta dago, deialditik kanpo geratu baita

Vila-real, bestalde, Wanda Metropolitanoko porrotaren ostean helduko da partida honetara, eta horrek Europako postuetatik ateratzea ekarri zion.

Hori dela eta, eta Atletico Madrilen aurka galdu ondoren, sailkapeneko gorengo tokietara itzultzea espero dute ‘horiek’, etxetik kanpo jarraian jokatuko duten bigarren neurketan.

Javier Callejak zuzentzen duen taldea bajarik gabe iritsiko da Bilbora, joan den astean jada hamaikakora itzuli baitziren Pau Torres atzelaria eta Alberto Moreno hegalekoa. Bata zein bestea titular gisa aritu ziren taldetik kanpo hilabetez egon ondoren.

Balizko hamaikakoak:

Athletic Club: Unai Simon, Capa, Yeray, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri, Dani Garcia, Vesga, Muniain, Raul Garcia eta Williams.

Villarreal: Asenjo, Ruben Peña, Albiol, Pau Torres, Alberto Moreno, Iborra, Trigueros, Cazorla, Moi Gomez, Gerard Moreno eta Paco Alcacer.

Futbol-zelaia: San Mames.

Epailea: David Medie Jimenez.

VAReko epailea: Jesus Gil Manzano.

Ordua: 14:00.