Athletic Club
San Mamesen
Athleticek Getaferekin galdu du eta zazpi partida daramatza irabazi barik (0-2)
Agentziak | Erredakzioa
Damianek egin du lehen gola 36. minutuan eta Matak, penaltiz, bigarrena, 50.ean. Aritz Adurizek minutu batzuk jokatu ditu.
-
Damian, Getaferen lehen gola ospatzen, eta Iñigo Martinez lurrean. Argazkia: Efe.
Getafek hiru puntuak eraman ditu San Mamesetik Athletici 0 eta 2 irabazi ostean, Santander Ligako 22. jardunaldiko partidan. Damian Suarezek, lehen zatian, eta Jaime Matak, bigarrenean, penaltiz, egin dituzte golak.
Madrildarrak 36. minutuan aurreratu dira Damian Suarezek egindako golarekin. Hegalekoak jaurtiketa gurutzatua egin du eta Unai Simon gainditu du, Deyversonek eta Matak hasitako jokaldi batean.
50. minutuan, Matak 0 eta 2koa egin du, Alberola Rojas epaileak, VAR laguntzaile teknikoaren aginduei jarraituz, adierazitako penalti baten ondorioz. Iñigo Lekuek eskuarekin ukitu du baloia area barruan.
Athletic saiatu da, baina zuri-gorriek ia ez dute arriskurik sortu eta 0 eta 3koa gertu egon da Matak eta Nyomek izandako aukera argietan. Ibai Gomezek 1 eta 2koa egiteko aukera oso argia izan du, baina bere erremateak langan jo du.
Azkenean, 0 eta 2 Getaferen alde eta Athleticek zazpi partida daramatza jada Ligan garaipenik lortu gabe.
Datorren asteburuan Reala-Athletic derbia jokatuko da eta Iñigo Martinez ez da bertan izango, gaur bosgarren txartel horia atera diotelako.
Fitxa teknikoa
0 - Athletic: Unai Simón; Lekue (Capa, 67. min), Yeray, Iñigo Martínez, Yuri; Dani García, Unai López (Ibai, 67. min), Williams, Raúl García, Muniain; eta Villalibre (Aduriz, 67. min).
2 - Getafe: David Soria; Damián, Djené, Etxeita, Olivera; Nyom (Kenedy, 92. min), Arambarri, Maksimovic, Cucurella; Deyverson (Jorge Molina, 54. min) eta Jaime Mata (Timor, 85. min).
Golak: 0-1, 36. min: Damian. 0-2, 50. min: Mata, penaltiz.