Itxi

Athletic Club

ARRAZAKERIA

Espanyolek 12 lagun identifikatu ditu Williamsi irain arrazistak egiteagatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Horietako bederatzi Kataluniako taldeko bazkideak dira; gainerakoak, berriz, sarrerak noizbehinka erosten dituzten zaleak.

  • Iñaki Williams, Espanyolen aurkako neurketan.

    Iñaki Williams, Espanyolen aurkako neurketan. Argazkia: EFE

RCDE Stadiumean Athleticen aurka joan zen larunbatean jokatutako partidaren irudiak aztertu ostean, Espanyolek hamabi lagun antzeman ditu Iñaki Williamsen aurka egindako irain arrazistetan nahasita daudelakoan. Hala jakinarazi du Kataluniako taldeak astelehen honetan ohar baten bidez.

Aipatu oharrean jasotzen denaren arabera, hamabi pertsona horiek 107. eta 108. sektoreetan zeuden kokatuta, Animazio Harmailak betetzen duen gunetik kanpo. Espanyolek zehaztu duenez, horietako bederatzi klubeko bazkideak dira; gainerakoak, berriz, sarrerak noizbehinka erosten dituzten zaleak.

Espanyolek klubeko Gizarte Diziplina Batzordeari helaraziko dio txosten hori, eta hark dagozkion neurriak hartuko ditu hura aztertu ostean.

Bazkideek klubetik kanporatuta amaitu dezakete. Gainera, klubak poliziarekin ere partekatuko ditu bere ikerketak, erantzukizun penalik eragin ditzaketen zehazteko.