Itxi

Athletic Club

Animazio-harmailari buruzko akordioa iragarri du Athleticek

eitb.eus

Klubak igandean egingo den Batzar Nagusian azalduko ditu akordio horren nondik norakoak.

  • San Mamés

    San Mamés. Argazkia: EFE

Athleticek astearte honetan jakinarazi duenez, San Mames zelaian animazio-harmaila bateratua garatzeko akordioa lortu du Beheko Ipar Harmailako Kaltetuak izeneko plataformarekin.

Aipatu plataformak orain arte ez zuen begi onez ikusten animazio-harmaila handiagotzeko klubetik martxan jarritako prozedura. Alabaina, Athleticek zabaldu duen oharraren arabera, euren burua kaltetutzat jotzen zuten bazkideak eta kluba ados jarri dira aipatu animazio-harmaila aurrera eramateko prozeduran.

Datorren igandean, Euskalduna Jauregian egingo duen Bazkide Konpromisarioen Batzar Nagusian, emango ditu Athleticek akordioaren xehetasunak eta animazio-harmaila horren nondik norakoak.

Dena den, proiektua aurrera eramateko, bazkide konpromisarioen oniritzia jaso beharko duela aurreratu du klub zuri-gorriak, eta, hartara, etorkizunean egingo den beste Batzar Nagusi bateko gai-zerrendan sartuko du, bazkideek horren gainean bozka dezaten, baina betiere "proiektua plataformako eta animazio harmailako ordezkariei aurkeztu eta gero".