Athletic Club
19:00etan
Lidertza defendatzeko asmoz zelairatuko da gaur Athletic Butarquen
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zuri-gorriek hiru puntuak lortzen saiatuko dira beharrizan handiagoa duen Leganesen aurrean, nahiz eta Mestallan berdintzea lortu zuen.
-
En Nesyri eta Mikel San Jose baloi baten lehian, joan zen urteko partidan. Argazkia: EFE
Athletic sailkapeneko lehen postua defendatzen saiatuko da gaur Leganesen aurka. Butarquen jokatuko den lehia Ligako seigarren jardunaldiari dagokio eta 19:00etatik aurrera hasiko da martxan.
Talde bilbotarrak lan zaila izango du, puntu beharrean dagoen aurkaria izango baitu aurrez aurre; alabaina, indarberrituta helduko dira madrildarrak, Valentziaren aurka Mestallan puntu bat lortu eta gero.
Dena den, Gaizka Garitanoren taldea izan zen joan zen denboraldian Leganesen etxean irabaztea erdietsi zuen talde bakanetakoa (0-1).
Derioko entrenatzaileak sendotasun handia eman die atzealdean zuri-gorriei, eta soilik Jaime Mata (Getafe) izan da gai Unai Simonen atea zulatzeko. Hartara, Athleticek ez du golik jaso azken hiru neurketetan.
Hori bai, bilbotarrek San Mamesen azaldu dute orain arteko indarrik handiena, etxetik kanpo bi berdinketa bakarrik lortu baitituzte, Getaferen eta Mallorcaren kontra.
Itxura guztien arabera, Pellegrinok Mestallan agertu zuen hamaikako bera errepikatuko du. Garitanok, ostera, aldaketak egin ditzake azken neurketan plazaratutako jokalarietan. Izan ere, Iñaki Williams eta Iker Muniainek atseden har dezakete, oso nekatuta amaitu baitzuten Alavesen aurkako derbian (2-0).
Athleticeko entrenatzaileak 19 jokalariko deialdia eman du, eta kanpoan utzi ditu Unai Lopez eta Aritz Aduriz, azken hori gainkarga bat dela-eta. Deialdian sartu direnak, berriz, Kodro, Cordoba eta Balenziaga izan dira.