Athletic Club
Igandean, 18:30ean
Athletic eta Alaves nor baino nor gehiago, San Mamesen
Agentziak | Erredakzioa
Zuri-gorriek ez dute partidarik galdu, eta arabarrek, berriz, bigarren porrota jaso zuten iragan asteburuan, Sevillaren aurka.
-
2018-2019 denboraldiko Athletic-Alaves derbiaren irudi bat. Argazkia: Efe.
Garitanoen arteko derbia izango da Athleticek eta Alavesek igandean San Mamesen jokatuko dutena. Bi entrenatzaleak Lezaman hazitakoak dira eta goi-mailan lekua egin dute harrobiko taldeetan egindako lan onari esker.
Gaizkak momentu ona bizi du Athleticen, zurigorriek aurreko denboraldiaren amaiera erakutsitako ildoari jarraitu baitiote Liga hasieran. Lehen lau jardunaldietan ez dute neurketarik galdu eta gol bakarra hartu dute, San Mamesen Bartzelonari eta Realari gailendu ostean.
Raul Garcia eta Iñaki Williams dira gola egiteko erantzukizuna hartu duten jokalariak. Hiru gol egin dituzte guztira, eta gol horiei esker taldeak zortzi puntu lortu ditu lau partidetan.
Alavesi dagokionez, arabarrek punturen bat atera nahi dute San Mamesetik, iragan jardunaldian Mendizorrotzan Sevillarekin 0 eta 1 galdu ostean.
Derbiari begira, Asier Garitanok jokalari guztiak erabilgarri ditu, Franco 'Burgui' kenduta, jokalariak iaz belaunean izandako lesio larriaren sendatze prozesuarekin jarraitzen du.
Bitxikeria moduan, Asier Garitano izan da, hain zuzen, San Mamesen irabaztea lortu duen azken entrenatzailea. Iaz 1 eta 3 gailendu zen Realarekin, Athleticen eserlekuan Eduardo Berizzo zegoela.
Ustezko hamaikakoak:
Athletic: Unai Simón; Capa, Yeray, Iñigo Martínez, Yuri; Dani García, Unai López; Muniain, Raúl García, Córdoba; eta Williams.
Alaves: Pacheco; Aguirregabiria, Ely, Maripán, Duarte; Vidal, Tomás Pina, Wakaso, Manu García, Rioja; eta Joselu.
Epailea: Gil Manzano (Extremadurako Batzordekoa).
VAReko epailea: Prieto Iglesias (Nafarroako Batzordekoa).
Estadioa: San Mames.
Ordua: 18.30ean.