Athletic Club
Agur-gutuna
Iturraspe: 'Beti jokatu nahi izan dudan klubetik irteteko unea zen'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ander Iturraspe erdilari abadiñarrak agur-gutun bat plazaratu du sare sozialetan Athleticen lehen taldean 11 denboraldi igaro eta gero.
-
Ander Iturrasperen agur-gutuna. Argazkia: @Ander8Iturraspe
Gauza jakina zen Ander Iturraspe jokalariak ez duela datorren denboraldian Athleticen jokatzen jarraituko, talde zuri-gorriaren lehen taldean 11 denboraldi eman eta Lezaman 20 urte igaro ostean. Hartara, erdilari abadiñarrak gutun bat argitaratu du ostegun honetan sare sozialetan, eta bertan azpimarratu duenez, "argi" zeukan beti jokatu nahi izan duen "klubetik irteteko unea" zela.
"Ez dakit nola hasi agur-gutun hau. Oso arraroa egiten zait" esanez ekin dio Iturraspek bere oharrari. Nabarmendu duenez, "harro" sentitzen da elastiko zuri-gorria "hainbeste urtetan eramateaz", hau da, 9 urte zituela Lezamara iritsi zenetik eta 30 urte dituela alde egitea egokitu zaionera arte.
Bizkaitarrak esker oneko hitzak zuzendu dizkie bere ibilbidean zehar eduki dituen entrenatzaileei, haiengandik "lana, eskuzabaltasuna, konpromisoa, fideltasuna eta Athleticenganako fideltasuna" ikasi baititu.
Klubeko langileak, mediku taldea eta zaleak ere gogoan izan ditu Iturraspek. Haiekin batera "hainbat momentu berezi" bizi izan ditu: "San Mameseko debuta, kopako finalak, Europa Ligakoa, San Mames zaharreko agurra eta berriko estreinaldia, baita Txapeldunen Ligako urtea eta Superkopako titulua".
Azkenik, erdilariak aldagelako bere taldekideak hartu ditu hizpide, eta haientzat izan dira bere azken lerroak:
"Asko disfrutatu dut hor barruan, baita sufritu ere. Momentu zailak gainditzen askotan. Hori egiten jarraituko duzue. Hor barruan gertatzen dena, hor gelditu dadila. Zaindu hori egunero. Ezinbestekoa da, eta diferentzia ezartzen du. Sekulako pertsonak daude hor barruan, eta talde gisa onena merezi duzue. Faltan botako zaituztet, kuadrilla!".
— Ander Iturraspe (@Ander8Iturraspe) 2019(e)ko ekainaren 20(a)¿