Itxi

Athletic Club

1-1

Puntu banaketa Athleticen eta Alavesen arteko derbi lehiatuan

Agentziak | Erredakzioa

Beñat Etxebarriak aurretik jarri ditu bilbotarrak markagailuan, lehen zatiko 41. minutuan egindako golarekin. Hiru minutu geroago, Borja Bastonek banakoa egin du.

  • Muniain eta Vigaray, partidako jokaldi batean

    Muniain eta Vigaray, partidako jokaldi batean. Argazkia: Efe.

Athleticek eta Alavesek bana egin dute San Mamesen eta zazpigarren posturako duten lehia ebatzi barik utzi dute. Horrela, bilbotarrek gasteiztarrekin duten hiru puntuko aldeari eutsi diote, liga amaitzeko hiru jardunaldi falta direnean.

Neurketa atsedenaldirako minutu gutxiren falta erabaki da. Beñat Etxebarriak etxeko taldea aurretik jarri du, 41. minutuan, falta bat zuzenean 20 metrotik jaurtita. Eta 45. minutuan, berriz, Borja Bastonek banakoa egin du Iago Herrerinek egindako bigarren aldaratzea  aprobetxatuta, Jony Rodriguezek ateratako falta baten ostean.

Athletic jokoaren kontrola edukitzen saiatu da lehen minutuetatik, baina Alaves hobeto atera da zelaira eta aurrean egindako presio eraginkorrari esker, bilbotarrek huts ugari egitea lortu dute.

Lehen ordu erdiaren ostean, Athleticek hobera egin du, eta Raulek bi aukera nabarmen izan ditu, lehen golaren atarian.

41. minutuan, Beñatek falta bat jaurti du, atetik 20 metrora, eta baloia Pachecoren ate barruan sartu du. Gol ikusgarria izan da Arratiako jokalariak egin duena.

Garitanoren taldeak zailena eginda zuela eman du, baina hiru minutu geroago Alavesek berdinketa egin du, hauek ere falta baten ondorioz. Jonyk baloia erdiratu du, Herrerinek birritan aldaratu du eta baloia Borja Bastoni iritsi zaio. Alaveseko jokalariaren jaurtiketa bilbotarren atean sartu da.

VAR laguntzaile teknikoak jokaldia aztertu du, hasierako erdiraketan Alaveseko jokalari bat jokoz kanpo egon zitekeelako, baina azkenean gola ontzat eman dute.

Bigarren zatian, Alavesek bizkaitarren area barruan izandako jokaldi nahasiari etekina ateratzear izan da, baina azkenean ez da markagailua aldatu.

Bukaeran, Williamsek bi aukera izan ditu, horietariko batean ere penaltia eskatu du, eta Wakasok ere beste bat izan du, oso argia, berdinketa hausteko. Baina ez da horrelakorik gertatu, eta bi taldeak puntu banaketarekin konformatu behar izan dute.



Fitxa teknikoa

1 - Athletic: Herrerín; De Marcos, Unai Núñez, Iñigo Martínez, Yuri; San José, Beñat; Susaeta (Córdoba, 60. min), Raúl García (Kodro, 75. min), Muniain; eta Williams (Aduriz, 88. min).

1 - Alaves: Pacheco; Vigaray, Navarro, Laguardia, Duarte; Martín Aguirregabiria (Darko Brasanac, 88. min), Tomás Pina, Manu García, Jony (Inui, 82. min); Bastón (Wakaso, 75. min) eta Calleri.

Golak: 1-0, 41. min: Beñat. 1-1, 45. min: Borja Bastón.