Itxi

Athletic Club

2019ko sariak

Malin Moström, historiako lehenengo One Club Woman sariduna

eitb.eus

Gizonezkoetan, Billy McNeillentzat izango da saria. Celtic taldeko kapitain mitikoak 882 partida jokatu zituen klubarekin eta Europako Kopa bat lortu zuen.

  • Foto: Athletic Club

    Foto: Athletic Club

Billy McNeill eta Malin Moström One Club Awards sariekin nabarmendu ditu Athletic Clubek.

Malin Moström historiako lehenengo One Club Woman sariduna izango da. Jokalari ohi hau Suediako emakumezkoen futbolaren erreferentzia handienetako bat izan da azken urteotan. Umea IK taldean 1995ean debutatu zuenetik 2006an erretiroa hartu zuenera arte, talde berean egin zuen ibilbide osoa, hamabi denboralditan zehar; beraz, klub horren ikonoa izan da.

Malin Moströmek sari ugari jaso zituen, bai banakakoak bai taldekakoak. Zelai erdian jokatzen zuen, eta horren ekarpena ezinbestekoa izan zen XXI. mendeko lehen hamarkadan Suediako zein Europako emakumezkoen futbolean Umea IK taldeak erakutsi zuen nagusitasuna ulertzeko. Moströmen lana aztertuta, hobeto uler daiteke eskandinaviar selekzioak urte horietan izan zuen ibilbide ona ere.

Bestalde, 2019ko One Club Man saria Celtic taldeko Billy McNeill kapitain mitikoari ematea erabaki du Athleticek. Kirol ibilbide osoa Glasgow hiriko taldean egin zuen atzelari eskoziarra da elastiko zuri-berdearekin partida gehien jokatu duen jokalaria: 822 neurketa jokatu zituen, 18 denboralditan.

Billy McNeill sari horretarako hautatuta, horren banakako ibilbide apartaz harago, “Lisbon Lions” (Lisboako Lehoiak) izenarekin ezagutu zen talde gogoangarria ere omendu nahi du klubak. Celtic ahaztezin hark Europako Kopa irabazi zuen Lisboan, 1967ko maiatzaren 25ean, Helenio Herreraren Milango Inter 2-1 garaituta, jokalari eskoziarrek soilik osatzen zuten hamaikakoarekin. Futbolari guztiak Glasgow hiriaren inguruan, 50 kilometroko eremuan, jaiotakoak ziren.