Athletic Club
Aurkezpena
Garitano: 'Klubak urtebete eskaini zidan eta hori normala ikusten dut'
Agentziak | Erredakzioa
Entrenatzaile zuri-gorriak iragarri du gaurtik aurrera datorren urteko taldea osatzen hasiko dela Rafa Alkortarekin batera.
-
Gaizka Garitano, Rafa Alkortaren eta Aitor Elizegiren artean. Argazkia: Efe.
Gaizka Garitanok urtebete luzatu du Athleticen duen kontratua eta klubak urtebete luzatzeko egindako eskaintza "normala" iruditzen zaiola esan du, "entrenatzaile baten sinesgarritasuna oso laburra delako eta egunero zure balioa erakutsi behar duzulako".
"Kluba ezin dugu kontratu batekin lotura bat izatera behartu. Niretzat azterketa bat da. Nahiko nuke dena ondo ateratzea eta denbora gehiago jarraitzea, baina beti klubaren interesak lehenetsi behar dira" esan du Garitanok prentsaurrekoan. Aitor Elizegi presidentea eta Rafa Alkorta kirol zuzendaria ondoan izan ditu.
Entrenatzaileak gaineratu duenez, gaurtik aurrera datorren deboraldiko taldea zehazten hasiko da Rafa Alkortarekin. Horren harian, Markel Susaeta eta Aritz Aduriz jokalarien etorkizunaz galdetu diote, baina ez du ezer argitu nahi izan.
"Rafarekin etengabe harremaneta nago, eta hemendik aurrera gehiago egongo naiz. Gauzak bere garaian jakinaraziko ditugu, baina lehenengo jokalariei esango diegu. Aduriz? Ez dut jokalariei buruz hitz egin nahi, baina niretzat Aduriz erreferentea da maila guztietan eta oso gustura gaude gurekin dagoelako", esan du.
Aitor Elizegi presidenteak, berriz, gaurko eguna "handia dela" adierazi du, abenduaren 28an kargua hartu zuenetik amestutako eguna.