Athletic Club
29. JARDUNALDIA
Athleticek irabazi egin du Montilivin markagailua iraulita (1-2)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñaki Williams eta Raul Garciak bigarren zatian sartu dituzten golek garaipena ekarri diote talde zuri-gorriari.
-
Iñaki Williams aurkari bat atzean utzi nahian. Argazkia: EFE
Athleticek gertuago ditu datorren denboraldian Europan aritzeko eskubidea ematen duten postuak, Ligako 29. jardunaldia abian jarri duen neurketan Girona (1-2) garaitu eta gero. Zuri-gorriek kontra zuten markagailuari buelta eman diote bigarren zatian (aspaldi lortzen ez zuten erronka, bide batez), Iñaki Williams eta Raul Garciak sartutako golei esker.
Gaizka Garitanok talde bizkaitarra zuzentzeko ardura hartu zuenetik daramaten bolada onari eutsi diote bilbotarrek (29 puntu eskuratu dituzte 15 jardunalditan), nahiz eta galtzen hasi diren. Aitzitik, bigarren zati on bat jokatu ostean, neurketa euren aldera eraman dute, Gironaren area barruan eraginkor ibili baitira. Gainera, etxekoen urduritasunaz ere aprobetxatu dira, katalanak euren zelaian ezin irabazita baitaude joan zen urriaren 27an Rayo azpiratu zutenetik (2-1).
Aipatu legez, etxekoak izan dira markagailuan abantaila hartu dutenak. Lehen zatiko 37. minutuan etorri da Gironaren gola, beste behin ere Stuani aurrelari uruguaitarrak buruz lortu duena, Raul Garcia Carnerok esker hegaletik egindako erdiraketa errematatu ondoren. Jokaldi horretan, zuri-gorriak ez dira batere erne ibili erdiraketaren aurretik etxekoen alde egon den alboko sakea defendatzeko orduan, eta, gerora hortik etorri da golaren pasea.
Katalanek erasoan jarraitu dute atsedenaldira heldu bitartean. Haatik, aldageletatik bueltan, egoera zeharo aldatu da zuri-gorrien lan onari esker, eta laster iritsi da bilbotarren lehen gola, 53. minutuan.
Raul Garciak baloi ederra jarri dio sakonean Yuriri. Zarauztarrak barneraldia egin du ezker hegaletik eta baloia bigarren zutoinera erdiratu du, bertan bakar-bakarrik zegoen Williamsek buruz jo zezan. Aurrelari bilbotarrak ez du abagunea alferrik galdu. Zazpi minutu geroago, Raul Garcia izan da Athleticen bigarrena sareratu duena, hura ere buruarekin, Williamsen erdiraketa baliatuta.
Garaipen horren ostean, bilbotarrek 40 puntu dituzte, eta hiru puntura daukate seigarren tokia. Girona, berriz, hamabigarrena da sailkapenean, eta 9 puntuko tartea dauka jaitsiera postuekiko.
Fitxa teknikoa:
1 - Girona: Gorka Iraizoz, Jonas Ramalho (Seydou Doumbia, 75. min), Pedro Alcala, Juanpe, Raul Garcia Carnero, Marc Muniesa (Valery Fernandez, 64. min); Portu, Alex Granell, Pere Pons, Borja Garcia (Patrick Roberts, 87. min) eta Cristhian Stuani.
2 - Athletic Club: Iago Herrerin, Ander Capa, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri Berchiche, Dani Garcia (San Jose, 74. min), Beñat Etxebarria, De Marcos, Raul Garcia (Kenan Kodro, 81. min), Iñigo Cordoba (Mikel Balenziaga, 85. min) eta Iñaki Williams.
Golak: 1-0, 37. min: Cristhian Stuani. 1-1, 53. min: Iñaki Williams. 1-2, 59. min: Raul Garcia.
Epailea: Sanchez Martinez. Txartel horiak: Juanpe eta Portu (Girona); Capa, Raul Garcia, Iñigo Martinez eta Beñat (Athletic).