Athletic Club
1-0
Athleticek garaipena lortu du Eibarren aurka eta Europarako postuei begira jarri da
Erredakzioa
Talde zuri-gorriak 1-0eko emaitzarekin irabazi dio talde armaginari San Mamesen. Raul Garciak sartu du partidako gol bakarra, lehen minutuan.
-
Raul Garcia, Eibarri sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek garaipena lortu du Eibarren aurka (1-0) San Mamesen jokatu duen euskal derbian. Talde zuri-gorriak 33 puntu ditu, Europarako postuak lau puntura ditu, eta jaitsiera postuetan dauden taldeek baino hamar puntu gehiago ditu. Armaginek, aldiz, 31 puntu dituzte, Europarako postuak sei puntura dituzte, eta jaitsiera postuak zortzi puntura.
Ondo ekin dio Athleticek neurketari, eta lehen jokaldian gola sartu du; Yurik barnekaldi ona egin du, pase dotorea eman dio Raul Garciari, eta honek 1-0ekoa sartu du, Riesgo atezaina gaindituta. Maldan behera jarri zaio norgehiagoka talde zuri-gorriari, eta oso zail talde armaginari.
Gola hartu ostean, Eibar egin da baloiaren jabe, baina arriskua Athleticek eraman du. Bi kornerren bitartez izan ditu abaguneak talde zuri-gorriak, baina Williamsen eta Iñigo Martinezen erremateak kanpora joan dira. Beñatek ere aukera bikaina izan du; Igorrekoak, ordea, langara bidali du jaurtiketa.
Bigarren zatiaren hasieran ere izan du abagune argi bat Athleticek, baina Muniainek indarge egin du errematea, eta Riesgo atezainak arazorik gabe harrapatu du baloia. Eibar ez da ondo jokatzen ibili, baina ez ditu besoak jaitsi. Talde armagina gola sartzetik gertu egon da Cucurellak gutxigatik kanpora bidali duen jaurtiketa baten bitartez. Cucurellak berak, beste aukera bat izan du, baina buruz egin duen errematea kanpora joan da, Sergi Enrich taldekidearen jo ondoren.
Eibar baloiaren jabe egin da bigarren zatian, eta Athletic atzean sartuta egon da. Azken hogei minutuetan, ordea, talde zuri-gorriak Eibarri baloia lapurtzea lortu du, eta berriro partida kontrolatzera pasa da. Gainera, bigarren gola sartzeko aukerak izan ditu talde zuri-gorriak. Iñigo Martinezen errematea oso gutxigatik kanpora joan da, Kodrok gehiagi gurutzatu du jaurtiketa, Williamsen errematea Riesgok desbideratu du, eta De Marcos ez du aldaratzera iritsi. Eibar baloi luzeen bitartez saiatu da berdinketa lortzen, baina Athletic sendo mantendu da defentsako lanean eta garaipenak ez dio ihes egin.
Fitxa teknikoa:
1 - Athletic: Herrerin; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Beñat (San Jose, 63. min); De Marcos, Raul Garcia (Kodro, 71. min), Muniain (Ibai, 90. min); eta Williams.
0 - Eibar: Riesgo; Ruben Peña, Arbilla, Oliveira, Cote (Pedro Leon, 81. min); Orellana, Jordan, Diop (Escalante, 60. min), Cucurella; Kike Garcia (Sergi Enrich, 60. min) eta Charles.
Gola: 1-0, lehen minutuan: Raul Garcia.
Epailea: Mario Melero Lopez. Txartel horiak atera dizkie Yeray (13. min), Beñat (55. min) eta Iñigo Martinez (83. min) Athleticeko jokalariei, baita Diop (45. min), Oliveira (58. min), Charles (77. min) eta Arbilla (87. min) Eibar taldeko futbolariei.
VAReko epailea: Juan Martinez Munuera.